Opor egunetarako programazioa prestatu du Gaztezulok

Jon Miranda Labaien 2019ko api. 4a, 12:01

Zizurkilgo gaztelekuak jarduerak antolatu ditu, apirilaren 16tik aurrera, eta Aste Santuko oporrak irauten duten bitartean; izen emateak hilaren 11ra bitarte daude zabalik.

Atxulondo kultur etxearen behebarruan kokatuta dago Zizurkilgo Gaztezulo, duela lau urtetik hona. Maite Amenabar alkateordeak eta Ane Artutxa hezitzaileak azken asteetan bertan egin dituzten berrikuntza lanei buruz hitz egin dute: «Paretak pintatu ditugu, argiteria berritu dugu eta sofa berriak jarri ditugu». LHko 4. mailatik 6. mailara bitartekoek astelehen eta ostegunetan erabiltzen dute zerbitzua eta, ostiral eta larunbatetan, DBHko 1. eta 4. maila artekoek. Mailaren arabera banatzen dituzte ordutegiak, eta gaztetxoek bertan egoteko aukera izaten dute. Artutxak nabarmendu duenez, «ordenagailua, telebista, jokoak eta jolasak izaten dituzte» han: «Eta orain, plazan estalpea dagoenez, bertara ere ateratzen dira jolasera».

Ahalegin berezia egin du aurten, udalak, Aste Santuetarako programazioa prestatzeko. Gaztematika Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapenerako Sistemarekin eta Gipuzkoako Haur Txokoekin elkarlanean antolatu dituzte jarduerak, 10 eta 17 urte arteko gazteentzat.

Gaztezuloko hezitzaileak eman du antolatutako jardueren berri eta, argitu duenez, drona maneiatzeko hiru orduko ikastaroa egingo dute, hasteko, apirilaren 16an: «Alde teorikoa izango du saioak, eta gero praktikan jartzeko aukera izango dute, 10 urtetik gorako gazteek», esan du. Hurrengo egunean, hilaren 17an, Muga Ranch-era bisita egingo dute, eta zaldian ibiltzen ikasiko dute. Ekitaldi guztiak ez dituzte, ordea, Zizurkilen egingo. Pazko astean bi eguneko egonaldia egingo dute Sastarraingo baserri eskolan eta, apirilaren 26an, Iruñera joango dira, bertako Salting-ean parte hartzera.

Ekintza horietan izena emateko epea irekita dago, eta apirilaren 11ra bitarteko aukera dute Zizurkilgo gaztetxoek. Horretarako Gaztezulora bertara jo beharko dute edo, bestela, Zizurkilgo udal bulegoetara.

EGITARAUA

Apirilak 16, asteartea

10:00 - 13:00. Drona maneiatzen ikasteko ikastaroa, 2009a baino lehen jaiotakoentzat. Prezioa: 2 euro.

Apirilak 17, asteazkena

10:00 - 13:00. Muga Ranch-era irteera, LHko 4. eta 6. mailakoentzat. Prezioa: 5 euro.

Apirilak 23 eta 24

Egonaldia. Sastarraingo baserri-eskolara, DBHkoentzat. Prezioa: 25 euro.

Apirilak 26, ostirala

10:00 - 16:30. Iruñeko Salting-era irteera, LH4tik gorakoentzat. Prezioa: 10 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!