Joxelu Geresta "Ttotto" gogoan izan dute Zizurkilen

Irati Urdalleta 2019ko mar. 24a, 15:45

Hogei urte dira Errenteriako zelai batean hilda aurkitu zutenetik. Senide eta lagunek bere omenezko ekitaldia egin dute, gaur eguerdian, Zizurkilen.

Egia azaleratzea. Hori nahi dute Joselu Gerestaren lagun eta senideek. Horretarako, omenaldia egin diote gaur, egia jakiteko eskubidearen nazioarteko egunean. Kantuz, margotuz, trikiti doinuz eta dantzan oroitu dute “Ttotto” eta bere heriotza argitzeko eskatu dute.

 

1999ko martxoaren 20an hilda agertu zen Joxelu Geresta “Tttotto” ETAko kidea, buruaren eskuin aldean tiro bat zuela. Ekitaldian azaldu dutenez, Ertzaintzak lehen unetik bere buruaz beste egin zuenaren ideia zabaldu zuen. “Horren eraginez, gorpuari egin zitzaion lehen autopsia ez zen behar bezala egin”, azaldu dute. Izan ere “zalantza handiak” sortzen dituzten elementuak ere bazeuden: gorpua ahoz gora topatu zuten, eskuak gorputzari lotuta, eskuineko eskuan ez zeukan odol arrastorik, atzamar lodia poltsikoan sartuta zeukan, bere ondoan azaldutako pistolak ez zeukan aztarna edo odolik eta Joxeluren eskuan bolbora partikula bakarra aurkitu zuten. Horren aurrean, familia eta lagunek bigarren azterketa forentsea egiteko eskatu zuten. “Une horretan, ahoa zabaldu zioten eta ikusi zuten bi hagin indarrez erautsita zituela eta hirugarrena garbiki moztuta zegoela. Erauzketa horiek hil ondoren egindakoak izan ziren”, azaldu dute. Auziaren jarraipena egin zuen epaileak delitu zantzuak antzeman bazituen ere, ez zizkiola inori leporatu esan dute. “ Beharrezkoa da Ttottorena bezalako heriotza guztien egiak berreraikitzea, jasandako mina berriro errepikatzeko arriskua ekiditeko eta memoria kolektiboa eraikitzeko. Egiak ezin du mugarik izan”, gaineratu dute.

 

Ekitaldia amaitzeko, kalejira egin dute eta aurreskua dantzatu eta loreak eskaini dituzte. Jarraian, Zizurkilgo Zentroan bazkaldu dute.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!