Joxelu Geresta: 20 urtez egiaren bila

Jon Miranda Labaien 2019ko mar. 22a, 10:33

1999ko martxoaren 20an, Errenteriako zelai batean agertu zen zizurkildarra, gorpu; bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zuela esan zuen, baina, senide eta lagunek, hogei urte geroago, zalantzan jartzen dute hori.

Gerra zikina egon daiteke Joxelu Geresta zizurkildarraren heriotzaren atzean. Nahiz eta zantzu argigarriak egon, inoiz ez da frogatu duela 20 urte gertatutakoa. Epaitegiek kasua artxibatu zuten 2000. urtean, baina auzia argitzeko gogoak bizirik dirau senide eta lagunengan. Egiari Zor elkarteak antolatuta, solasaldia egin zuten asteazkenean, Iriarte kultur etxean. Jon Geresta Joxeluren anaiarekin batera, Itsaso Idoiaga medikuak eta Aitor Ibero abokatuak parte hartu zuten.

ETAko kidea zen Joxelu Geresta eta, Errenteriako zelaian hilda agertu aurreko egunetan, harremana izan zuen hainbat jenderekin. «Toki ezagunetan ibili zela badakigu, baina galduta bezala», esan du Jon Gerestak. Martxoaren 17ko iluntzean lehengusuaren etxean azaldu zen, Zamalbide auzoan: «Jarraitzen ari zitzaizkiola, egoera txarrean zegoela eta susmoa zuela, haginetan zerbait jarrita zeukala. Horixe esan zion lehengusuari». Etorritako bidetik alde egin zuenean, ilunpetan bi pertsonaren irudiak ikusi zituela ere deklaratu zuen, gerora, gerestatarren lehengusuak.

«Asteazken iluntze hartatik, hilda agertu zen larunbat goizera, zer gertatu zen?», galdetu du anaiak. Egin zizkioten bi autopsiek baieztatu dutenez, larunbat horretan, martxoaren 20an, gertatu zen heriotza. Lehenengo autopsia epaitegiko mediku forentseak egin zuen, eta familiari ez zioten konfiantzazko medikua aukeratzeko denborarik eman. Bigarren bat egiteko baimena epaileari eskatu, eta autopsia horretan parte hartu zuen Itsaso Idoiaga medikuak. «Berehala konturatu ginen lehenengo autopsian ez zitzaiola gorpuari erradiografiarik egin, eta forentseak ez ziola ahoa ireki». Bigarrengoan egindako azterketan, Idoiagak ikusi ahal izan zuen, bi hagin erauzita zeuzkala gorpuak, eta hirugarren hagin bat zehaztapen handiko instrumentu batekin zatituta zeukala. «Odola antzematen zen, beraz, erauzketa traumatikoa zela baiezta zitekeen eta, gero ateratako txostenek azaldu zutenez, heriotza gertatu ondoren kendu zizkioten, ondorengo orduetan. Horrek esan nahi du, heriotzaren unean beste pertsona bat zegoela han edo, heriotzaren ondoren, norbait azaldu zela bertara». Hilik agertu baino egun batzuk lehenago ikusi zuten zenbait lekukok, adierazi zuten, Gerestak esan ziela guardia zibilek txip bat jarri ziotela haginean. «Hilda topatuz gero, esango dute neure buruari tiro egin diodala» ere esana zien berekin harremana izan zutenei.

Gerestak bere buruaz beste egin zuenaren bertsioa zabaldu zen hasieratik; gorpua identifikatu aurretik ere horrela zabaldu zuen Ertzaintzak. Tiro bakarra zuen buruan. Idoiagak bigarren autopsiaren inguruko argibide gehiago eman ditu: «Bere buruari tiro egin baldin bazion, bolbora arrastoak ageri beharko lukete eskuan edo pistolan. Eskuan partikula bakar bat topatu genuen, ordea. Odol arrastorik ere, apenas». Poltsiko batean, musuzapi bat agertu zen, odolez zikinduta: «Hipotesi bat izan daiteke, gorpua garbitzeko erabili zutela».

Heriotza gertatu eta hilabete pasatxora eman zituzten argitara atestatu garaian gorpuari atera zitzaizkion argazkiak. Aitor Ibero familiaren abokatuak, irudi horiek ikusita, momentuan sortu zitzaizkien zalantzen berri eman du: «Gorpua erabat zurrun zegoen, eta hori ez da gertatzen suizidio kasuetan. Gainera, tiroa atera zen aldean agertu zen pistola; eta ustez tiroa emateko erabili zuen behatza poltsiko batean sartuta ageri zen».

Bide juridikoa itxita

Iberoren ustetan, datu objektiboek «zalantzan» jartzen zuten suizidioaren bertsioa. «Baina Espainiako estatuak ez du inoiz horrelako legez kanpoko esku hartzeak ikertzeko interesik agertu, are gutxiago ETAko kideak baldin badira, hilda agertutakoak». Joxelu Gerestaren heriotzaz gainera, abokatuak gogoan hartu ditu Xabier Kalparsororena 1993an, eta Josu Zabalarena 1997an.

Iberok gogora ekarri du auziak egin zuen ibilbide juridikoa. Autopsietan agertutako frogak aurkeztearekin batera, hil aurreko egunetan, Gerestarekin harremana izan zuten bospasei lagunen testigantzak ere jaso zituzten. Alferrik izan zen, ordea, 2000ko otsailean epaitegiak artxibatu egin baitzuen kasua, suizidioaren bertsioa hobetsiz. «Epaileak autoan esan zuen ez zegoela delitu zantzurik Joxeluren heriotzaren atzean, gure haserrea eraginez», esan du Iberok. Erabaki horri helegitea jarri zioten senideek, eta urte hartako uztailean Donostiako Entzutegi Probintzialak aintzat hartu zuen. «Bere buruaz beste egitearen aukera baztertu gabe, haginak kentzearena eta heriotza ezin zirela banandu esan zuen epaileak, bi gauzek elkarrekin zerikusirik izango ez balute bezala», aipatu du Iberok.

Azkenean, kasua artxibatu egin zuten epaitegiek, delituaren egileak zeintzuk ziren argitzerik ez zegoelako. Bide juridikoa han amaitu zela aipatu du Iberok, eta ordutik aurrera itzalpean geratu dela, duela 20 urte gertatutakoa. Jon Gerestak esan duenez, «argialdi eta ilunaldiak daude bere azkeneko egun horietan, eta jakin nahi dugu zer gertatu zen. Argibide gehiago ez edukitzea gogorra da. Beti esperantzarekin gaude, zerbait berria azalduko ote den, baina, urteek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa da».

2001ean Jose Antonio Saenz de Santamaria Guardia Zibileko erreserbako teniente jeneralak La Razon egunkarian egindako adierazpen batzuei ere egin die erreferentzia, Jon Gerestak. Lehenaz gain, garai hartan, gerra zikina bazela adierazi zuen Saenz de Santamariak elkarrizketan. Eta, izenik esan gabe, Joxelu Gerestaren heriotza izan zuen hizpide. Honakoa adierazi zuen erretiratutako guardia zibilak: «Orain ere badago. Baietz pentsatzen dut. Komandoek ez dute bere burua entregatzen besterik gabe. Baten bat hilik ere agertu izan da, mailukadaz hortza erauzita. Hil ondoren batek ez dizkio bere buruari mailukadak jotzen ahoan. Ez dut kritika moduan esaten. Gerra irregularra erabiltzea beste erremediorik ez dago, bizkarretik tiroa ematera etortzen direnen aurka».

Joxelu Gerestaren heriotzaren 20. urteurrenaren harira, ekitaldiak antolatu dituzte datorren iganderako: 

MARTXOAK 24, IGANDEA

09:00. Ibilaldia Pedro Mari Otaño plazatik abiatuta.

13:00. Egia, itzaletik argira ekitaldia, Pedro Mari Otaño plazan.

14:00. Bazkaria Zizurkilgo Zentroan. Izen emateko, aurrez jo behar da, Iriarte Ostatura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!