«Hemen sukaldari onak dauden bezala, badago kultura grafiko ona ere»

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 28a, 08:58

Arte galeria eta, aldi berean, diseinu estudioa da Ateuparte. Bertan aritzen da Paul Lataburu Mendizabal (Donostia, 1982). Ilustrazio eta diseinu munduan autodidaktatzat du bere burua, eta aldizkari batean abiatutako bidearen segida da, orain estudioan egiten duen lana, Iñaki Bellido kidearekin batera.

Arte galeria eta, aldi berean, diseinu estudioa da Ateuparte. Bertan aritzen da Paul Lataburu Mendizabal (Donostia, 1982). Ilustrazio eta diseinu munduan autodidaktatzat du bere burua, eta aldizkari batean abiatutako bidearen segida da, orain estudioan egiten duen lana, Iñaki Bellido kidearekin batera.

Non du sorburua ilustrazio serie honek?

Astarbekoak gurekin harremanetan jarri ziren. Proiektu hau egiteko aukera sortu zitzaigun, sagardotegiaren urtemugaren harira. Sagarrak, historian zehar, hainbat mitologia eta kulturatan izan duen presentzia jaso nahi izan dugu lan hauetan. Gidalerro batzuk eman zizkiguten, baina sortzeko askatasun handia eman ziguten. Guk gure estudioan garatzen dugun ideia kontzeptuala ilustrazio horietara ekarri nahi genuen. Lan polita izan zen guretzako, eta erronka bat ere bai, ilustrazio bakoitzak gauza bat errepresentatu behar zuelako. Ideia horiek bisualki irudikatzeko ariketa egin behar izan genuen.

Nolakoa izan da dokumentazio horretatik guztitik diseinu horiek osatzea?

Pasa zizkiguten testuak nahikoa kontzeptualak ziren, ez oso esplizituak. Horregatik, ilustrazio batean istorio bat sortu behar izan dugu, erreferentzia egiten zaion garaia, kultura edo mitoaren elementuak jasoz.

Zenbat koadro daude ikusgai, serie honetan?

Guztira hamaika ilustrazio dira. Olimpotik hasi eta gaur egungo sagardotegietara bitarteko bidea erakusten dute.

Zein teknika erabili duzu lan hau egiteko?

Zirriborroak eskuz egin, eta zuzenketak bertan egin nituen. Gero, ordenagailura pasatu eta bertan egin dut lan, hainbat ehundurarekin. Gure estudioan horrela egiten dugu lan: zati batean ilustrazioak izaten dira, eta besteak diseinu grafikoaren elementuak ditu. Jarduteko bi moduak bateratzen ditugu.

Kolore bereziak erabili dituzu horretarako?

Nik, pertsonalki, kolore paleta nahiko definitua daukat. Nik tonalitate batzuekiko lehentasuna izaten dut beti, baina, lan honetan, burua zabaldu nahi izan dut, eta ilustrazio bakoitzak bere kolorea eskatu dit. 50 x 60 cm-ko koadroetara eraman ditugu gero.

Nola ikusten duzu Astarbe sagardotegiak martxan jarri duen SagarArte egitasmoa?

Primeran iruditzen zait. Gastronomiak gure herrian izugarrizko indarra du, eta interesgarria da sagardoaren mundua beste arte diziplina batzuekin lotu nahi izatea. Hemen sukaldari onak dauden bezala, badago kultura grafiko ona ere. Artistontzat, ilustratzaile eta diseinatzaileontzat, aukera polita da, elkarrekin aritzeko aukera ematen digulako. Gainera, Sagardoaren Kondaira izeneko egitasmoak, gure arte lana azaltzeko aukera ematen digu, eta hori eskertzekoa da.

Maiz tokatu izan zaizue horrelako lanetan aritzea?

Gure estudioa txikia da eta gisa honetako lanak egiteko ez dugu aukera asko izaten. Horregatik, ondo aukeratzen ditugu diseinu grafikoaren alorrean egiten ditugun lanak. Arte galeria era bagara, beraz, esku hartze artistikoak ere egiten ditugu gure artistekin. Estudio grafiko bezala, identitatea landu dugu hainbat eremutan: musika taldeekin egin dugu lan, jaialdi eta kontzertuen kartelak ere diseinatu ditugu... Kontentu gaude egin dugunarekin, eta baita Sagarra-manzana honek izan duen ibilbidearekin ere.

BIHAR, ARTEA DASTATZEKO AUKERA ZIZURKILEN

Paul Latabururen Sagarra-manzana ilustrazio seriean oinarrituta, Sagardoaren Kondaira egitasmoa abiatu du Astarbe sagardotegiak Zizurkilen, artea, gastronomia eta sagardoa uztartzen dituena. Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan ilustrazioak ikusgai dira urtarrilaren 18tik, eta sagardoaren atzean dauden kondairak pintxo berezi eta Astarbe sagardoekin batera dastatu ahal dira, hiru ostiraletan.

Joan den ostiralean, otsailaren 22an, egin zuten Olimpotik Valhalara saioa, Atxulondo tabernan eta, bihar, berriz, Itsasontzi baten... izenekoa egingo dute Egarri tabernan, 19:00etan hasita. 10 euroren truke eman daiteke izena tabernan bertan, edota, bestela, Zizurkilgo udal bulegora bertaratuta.

Herriko tabernetan egingo dituzten saioetan bonu bat banatuko dute, eta txartel hori baliotzeko aukera izango dute, gerturatzen diren parte hartzaileek. Era horretara eskuratu ahal izango da, hiru euroko deskontua, Astarbe sagardotegiko menuan. Martxoaren 29an erabili ahal izango da, esate baterako, egun horretan afaria antolatu baitute Astarben; 20:30ean autobusa aterako da Zizurkildik, eta tabernetan eman daiteke izena dagoeneko.

Atxulondo, Egarri eta Pasus tabernetan ostiraletan egiten den pintxo potean, 2,5 euroan, Astarbe euskal sagardoaren potea eta pintxo berezia dastatzeko aukera izaten da. Bihar, Egarri tabernan egingo duten saio berezian, hiru pintxo dastatu ahal izango dira, sagardoarekin batera: Basoko herri bat (sardinzar irabiatua), Mendebaldeko edaria (Cod Chowder, Ternuako platera) eta Arto Jendea (taloa basatxerri sagar konpotarekin). Azken saioa,Pasus tabernan egingo dute, Gure sagardotegiak izenarekin, datorren martxoaren 29an .

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!