Plaza Etxeberri erosi du Zizurkilgo Udalak

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 6a, 12:59

2019ko aurrekontua aho batez onartu du udalbatzak eta herrigunean kokatuta dagoen eraikina erostera bideratuko du inbertsio nagusia.

Zizurkilgo herrigunean, Pello Mari Otaño plazaren alde batean dagoen eraikin historikoaren truke, 750.000 euro ordainduko ditu udalak. Bi aldeak asebetetzen dituen akordioa lortu eta gero, lehen ordainketa egina du udalak eta erosketa notaritzatik igaroarazi dute jada. Joxe Mari Luengo alkateak esan duenez, «eskertuta» daude eraikinaren aurreko jabeekin, beste inori eskaini aurretik udalarengan pentsatu zutelako. «Aukera ona iruditu zitzaigun eta interesgarria, eraikinaren jabetza eskuratzea».

Aho batez onartu zuten erosketa hitzarmena udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek eta EAJ eta PSE-EEko zinegotziek ere, EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proiektuaren alde egin zuten urtarrilaren 28ko osoko bilkuran. 3.598.640 euro izango ditu Zizurkilek 2019an, iaz baino 130.000 euro inguru gehiago. Inbertsioen atalean zatirik handiena, Plaza Etxeberri erosteko erabiliko dute, aurten, 450.000 euro 150.000 euroko lehenengo ordainketa egina dute dagoeneko. «2011n EH Bilduk udal gobernuaren ardurak hartu zituenean 3 milioi eurotik gorako zorra topatu zuen udalean. Zortzi urte hauetan arduraz jokatu dugu, gastua kontrolatu dugu eta ez dugu mailegu berririk eskatu. Milioi eurotik behera kokatu dugu udalaren zorra eta horregatik iruditu zaigu momentu egokia inbertsio berri bat egiteko», esan du Luengok.

15 urterako mailegua eskatu du Zizurkilgo Udalak, eta honenbestez, 1,2 milioi euroan kokatuta da udalaren zorra 2019an. «Zizurkil bezalako herri batentzat, kopuru jasangarria dela iruditzen zaigu. Gainera, datorren urtean Plaza Etxeberriren azken ordainketaren zati handiena 2019ko gerakinarekin estaltzea espero dugu. Aurrera plazako udal bulegoen salmentatik eta herrigunean egin asmo den etxebizitza promoziotik, aurten, sarrerak egongo direla aurreikusten dugu». Zorra amortizatzeko, aurtengo aurrekontuan, iaz baino 20.000 euro gordeko dituzte, orotara, 245.000 euro. «Datorren urterako, berriz ere, milioi batetik beherako kopuruetan kokatu nahiko genuke zorra», esan du alkateak.

Plaza Etxeberrik, 196 metro koadroko hiru solairu ditu eta behekoan, taberna-jatetxe zerbitzua eskaintzen dute. Udalak eraikinaren jabetza eskuratuta, jarduera horrekin jarraitzeko asmoa du eta ostalaritza zerbitzua kudeatzeko lehiaketa publikoa landuko du. Apirila arte jarraituko dute egungo arduradunek eta esku aldatzea «lehenbailehen» egitea espero dute udal ordezkariek. Gainerako bi solairuei zer erabilera eman erabakitzeko parte hartze prozesua jarriko dute martxan.

Bestalde, argindarrarentzat eraldatzaile berria eraiki behar dute Zizurkilen, eta hori izango da, 2019ko beste inbertsioetako bat. Etxebizitzak eraikiko dituzten bi enpresa eraikitzaileen eta udalaren artean gauzatuko dute inbertsioa eta kokagune berri bat topatuko dute azpiegitura horrentzat.

643.000 EURO, PROIEKTU BERRIETARA

Plaza Etxeberri eraikinaren erosteak, aurtengo inbertsio kopurua dezente igo du. 643.000 euro izango dira aurrekontutik proiektu berrietara bideratuko direnak. Besteak beste, herriko bideak konpontzera 26.000 euro inguru bideratuko dira eta iaz Joxe Arregi plazan jarri zuten estalpeari aldamenean tapakiak eransteko 28.000 euro erabiliko dituzte.

2018ko aurrekontuan jasota zegoen inbertsioa zen arren, aurtengo urte hasieran gauzatzen ari dira Elbarrenako futbol zelaiko harmaila berrien proiektua. «Ura agentziaren baimena behar zuen proiektuak, eremu hori Elbarrena erdigune osoa bezala, uholde arriskudun gune jotzen delako. Baimen hori behar baino gehiago atzeratu da euren akats bat tarteko eta urtarrilaren 9an jaso genuen, azkenean, lanei ekiteko oniritzia», azaldu du alkateak. Guztira, 61.000 euroko aurrekontua dute lanek eta hilabete inguru irautea espero dute. «Zelaian harmailak izanda, edozein ekitaldi egin ahal izateko gune berri bat irabaziko du herriak».

 

INBERTSIO NAGUSIAK

Plaza Etxeberri erostea 450.000

Futbol zelaiko harmailak 61.000

Estalpearen egokitzea 28.000

Bideen konponketa 26.000

Eraldatzaile berria 15.000

 

3,5 MILIOI EUROKO AURREKONTUA

Gastuak. Aurrekontuaren zatirik handiena, udal langileen soldatak eta ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuak ordaintzeko erabiliko du Zizurkilgo Udalak. Gainera, aurten, %2,25eko igoera izango dute udal langileek soldatetan. Ohiko transferentzia eta diru laguntzetara, 400.000 euro baino gehiago bideratuko ditu udalak 2019an.

Sarrerak. Zuzeneko eta zeharkako zerga eta tasetatik, aurrekontuaren %27a osatuko du Zizurkilgo Udalak, eta foru funtsetik, iaz baino diru gehiago jasoko du aurtengo urtean. Transferentzia arruntetatik 2 milioi euro baino gehiago jasoko dira 2019an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!