Saharara bidaltzeko produktuak bilduko dituzte Zizurkilen

Ataria 2019ko urtarrilaren 23a

Zizurkilen ere, eskualdeko beste herrietan bezala, elkartasunezko bilketa jarri dute martxan egun hauetan

Zizurkilgo hiru ikastetxeetan (Pedro Mari Otaño, San Millan eta Zubimusu), Plazida Otaño liburutegian eta udal bulegoetan utzi ahal izango dira Saharako herritarrei laguntzeko produktuak. Urtero bezala, honako produktu hauek bidali ahal izango dira kanpamentuetara: elikagai ez galkorrak (lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa), higiene produktuak eta eskola-materiala.

Duela 43 urtetik, saharar herria ez ohiko egoera batean bizitzera behartuta dago, eta, orduz geroztik, hiru eremutan banatuta daude bertako herritarrak. 180.000 lagun Tindoufeko (Aljerian) errefuxiatu kanpamentuetan bizitzera behartu zituzten; beste milaka lagunek Marokok legez kanpo okupatua duen lur zatian bizirauten dute; eta nomadak, aldiz, lurralde askatuan bizi dira, harresian dauden minak oso presente dituztela.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak urtero sasoi honetan, bilketa jartzen du martxan. Urtarrilaren 31era arte eman ahal izango dira produktuak eta gero, otsailaren erdialdean bideratuko dira errefuxiatu kanpamentuetara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!