Sagardoa eta arte mundua lotzen dituen erakusketa

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 17a, 20:03

Astigarragako Astarbe sagardotegiak sustatutako SagarArte galeria ibiltaria Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelara iritsiko da bihar.

Iazko ekaina hasieran, 455. urteurrenaren harira, arte galeria jarri zuen martxan, Astigarragako Astarbe sagardotegiak. Hitzordu hartarako, munduko hainbat kulturatako mitologiaran sagarrak izan duen garrantzia kontatuz, 11 ilustrazioz osatutako bilduma ondu zuen, Paul Lataburu Donostiako artista gazteak. Irailetik hona, Mundaka Basque Country arropa dendan egon dira lan horiek ikusgai eta, bihartik aurrera, Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian ikusi ahal izango dira, Zizurkilen. Sagardoaren kondaira izena jarri diote eta, bihar, 19:00etan izango da inaugurazio ekitaldia.

Egitasmoa ez da hutsetik sortu. Astarbe sagardotegia Astigarragako Mendiola baserrian dago, eta historia luzekoa da. Lourdes Odriozola historialariak egindako ikerketa batek aditzera ematen duenez, XVI. mendetik hona familia berak kudeatu du baserria, 15 belaunalditan. Sagardotegiaren 450. urteurrenaren harira, produktu berriak plazaratu eta irudi berria lantzen hasi ziren, eta iaz diseinatu zuten, 2022. urtera bitarteko plan estrategikoa. Astarbek berezkoak dituen elementuak landuko dituzte aurrerantzean: ikerketa historikoarekin jarraitu, familiakoak diren Astarbe eta Mendiola sagar barietateak aldatu, eta sagardotegiaren kontzeptu berria lantzeko urratsak emango dituzte. Baina, batez ere, sagardotegiek zuten «kultur protagonismoa» berreskuratu nahi dute. Horrela azaldu du Gorka Arizkorretak, Astarbeko SagarArte proiektuko koordinatzaileak.

XIX. mendetik aurrera, gutxienez, sagardotegiak inguruko kultur adierazpideen atari zirela uste dute Astarbeko arduradunek: «Upel artean, bertsolariek euren koplak abesten zituzten, txistulari zein trikitilariek giroa alaitzen zuten, eta toka zein beste makina bat jokotan aritzen ziren. Testuinguru ezegonkorretan ere, gure herriaren identitatearen ezaugarrien babesleku izan ziren, zenbait lexiko, esaera zein usadio gaur egunera arte mantenduz». XXI. mendeko gizarte eraldaketagatik, bi elementu horien arteko erlazioa «urrundu» egin dela uste du Arizkorretak: «Kultur adierazpideak ez dira sagardotegietan ikusten, eta sagardo mundua oso urrun dago, kultur adierazpide horiek pentsatu, ekoiztu eta kontsumitzen diren espazioetatik».

Horregatik, kultur adierazpideen eta sagardo munduaren arteko «zubi lanak» egiteko sortu dute SagarArte galeria. «Artista gazteei sostengua eman nahi diegu euren ibilbide profesionalean, eta euskal kulturaren elementuak inspirazio iturri moduan erabiltzera bultzatu nahi ditugu». Helburu gehiago ere zerrendatu ditu Arizkorretak: «Adierazpide kultural gutxituen aterpe izan nahi dugu, eta sinergiak sortu, artista gazte horien ekoizpenak hartzeko prest dauden espazioen sarea sortuz, betiere, gastronomia motor bultzatzailetzat hartuz». Arropa denda batean, aurrena; kultura zuzenean lantzen duen Zizurkilgo espazioan hurrena; eta, apiriletik maiatza bitarte, kulturaren bueltan kezka antzekoak dituzten ostalaritza negozioetara eraman nahi dute, erakusketa ibiltaria.

Gastronomia eta artea

Sagardotegiak dituen irabazien zati bat arte ekoizpenera eta ekoizpen horien promoziora bideratzen dute. Esate baterako, Anna Roca kataluniarrak, ohol baten gainean 2017an egindako ikatz-marrazkia ikus daiteke sagardotegian. Balea da protagonista obra horretan, agiri batek esaten dioenez, Mendiolako familiak Ternuako balearen arrantzarekin zerikusia izan zuelako, XVI. mendean. Bestalde, 2017an, baserriko sagastitik ateratako sagarrondo batekin eskultura egin zuen Iñaki Villanuevak, eta hura ere ikusgai jarri dute upel artean.

Iazko ekainean, SagarArte galeria zabaltzeko, Sagarberri jaialdia antolatu zuten, Astarbe sagardotegian bertan. Beste arte adierazpide batzuk ere lekua izan zuten ekitaldian: Anna Rocak Sagardoaren Belaunaldiak ikatz zirizko inprobisazioa egin zuen eta, Aitor Zarzuelok, Idunn film laburra eskaini zuen. Izaro musikariak ere emanaldia eskaini zuen, eta bertan aurkeztu zuen, Paul Lataburuk, Sagarra-Manzana ilustrazio seriea; bihartik aurrera Zizurkilen ikusi ahal izango den Sagardoaren kondairaren ardatza.

Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan, martxoaren 29ra bitarte egongo da ikusgai, ilustrazioak biltzen dituen erakusketa eta, tarte horretan, kata maridatu gidatuak eskainiko dituzte, inguruko tabernetan, sagardoa, gastronomia eta artea uztartuz. Latabururen 11 lan horiek kronologia bati jarraitzen diote, «gizakiaren eta sagarraren historia ezagutaraziz: Mesopotamian hasi eta Grezian barrena, azteka eta mayen kulturetatik pasatuta, Euskal Herrira iritsi bitarte». Astarbe sagardotegiko 15. belaunaldiko Hur Astarbek prestatu du sagardoaren historiara egokitutako ibilbide gastronomikoa, koadro bakoitzari pintxo bana lotuz. Biharko inaugurazio ekitaldian dastatu ahal izango dira horietako batzuk, liburutegiko ikasgelan eta gero: otsailaren 22an, Atxulondo ostatuan; martxoaren 1ean, Egarri tabernan; eta, martxoaren 29an, Pasus jatetxean. Eskaintza gastronomikoa izango da, hiruna koadroren azalpena ematearekin batera. Parte hartu nahi duenak, 10 euro ordaindu behar ditu eta tabernetan jarritako zerrendetan eman beharko du izena.

SagarArte galeriaren helburu nagusia da, inguruko artista gazteei sostengua ematea, adierazpide gutxituen atari izanik. Horretarako mezenasgo bat eskainiko diete artistei, eta Astarbeko lan taldeak proiektua hautatzeko erabiliko dituen irizpideen berri eman du Arizkorretak: «Sagardo munduarentzat kultur adierazpide berria izatea hartuko dugu kontuan, baita susperraldian dagoen artista izatea, eta Euskal Herrikoa izatea ere». Behin aurtengoak bere ibilbidea eginda, ekainean aurkeztuko dute, ikasturte berrian, batetik bestera ibiliko den lana.

KATA MARIDATUAK

Urtarrilak 18, bihar

19:00. Hasiera berri bat. Astarbe sagardotegiak sustatutako erakusketaren inaugurazioa.

Otsailak 22, ostirala

19:00. Olimpotik Valhalara Atxulondo tabernan.

Martxoak 1, ostirala

19:00. Itsasontzi baten... Egarri tabernan.

Martxoak 29, ostirala

19:00. Gure sagardoegiak Pasus tabernan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!