2002tik hona izan duen zorrik txikiena du Zizurkilgo Udalak

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 19a, 14:24

Zotzi urteotako balantze ekonomikoaren berri eman dute Amenabar alkateordeak eta Luengo alkateak; azken honek iragarri du, udal hauteskundeetan ez dela alkategai izango.

2011ko ekainean Bildu alkatetzara iritsi zenean Gipuzkoako herri zorpetuenetakoa zen Zizurkil. «Udalaren egoera ekonomikoa larria zen», esan du Joxe Mari Luengo alkateak. «Krisi betean Zizurkilek biztanleko 1.000 euro pasako zorra zuen: 3 milioi euroko zorra genuen bankuekin, interesak kontatu gabe, eta horrez gain Foru Aldundiarekin 450 mila euroko zorra pilatuta. Udal gobernua urtero-urtero ari zen maileguak eskatzen gastu arruntari aurre egiteko. Udalera iritsi eta guk ordaindu behar izan genituen urtebete lehenagoko fakturak ere. Horrek guztiz baldintzatu du gure jarduna».

Egoerari aurre egiteko «txoke plan bat» prestatu behar izan zutela nabarmendu du Luengok. «Arlo guztietan murriztu genuen gastua: kultur ekitaldietan, diru laguntzetan, inbertsioetan… Eta udalaren kontratu guztiak zehatz-mehatz gainbegiratu eta merkatu genituen. Esan beharra dago, Joxe Arregi plazako etxebizitza proiektutik jaso genuen dirua erabili genuela egoera larri honi aurre egiteko. Soilik lehenengo urtean, 700 mila euro erabili ziren zorra ordaintzeko», azaldu du alkateak.

AURREKONTUAK EGITEN IKASI

Azkenengo zortzi urteetan Zizurkilgo Udalak ez du mailegurik eskatu eta aurtengo urtea ere mailegurik eskatu gabe eta 860.000 euro inguruko zorrarekin amaitzea aurreikusten dute udal gobernuko kideek. «Aldundiarekin zorrik gabe eta faktura guztiak eguneratura». Luengok azpimarratutakoaren arabera, azken 15 urteetan, Zizurkilgo Udalaren zorra ez da inoiz milioi bat euroz azpikoa izan.

EH Bildu 2011n, krisi betean, udal gobernura iritsi zenean hartu zuen erabakia: «Argi genuen ezin genuela gehiago zorpetu». 2003tik 2011ra, urtero mailegu bat eskatua zuen Zizurkilgo Udalak. Besteak beste, 670.000 eurokoa eskatu zuen 2009an, eta 514.500 eurokoa 2008an. «2011tik hona mailegurik ez eskatzeak esan nahi du aurrekontu zehatzak egin direla, ez lehen egiten zen moduan aurrekontua egin eta gero mailegua eskatu. Inbertsioak ia beti diru laguntzek lagunduta egiten ahalegindu gara. Horrek moteldu dezake inbertsioa egiteko epea bera, baina guk ez dugu beste aukerarik izan».

Maite Amenabar alkateordeak emandako datuen arabera, 2011tik hona, bi legealditan, 3,2 milioi euro bideratu dira, «aurrekoak utzi zuten zuloa estaltzera, bakarrik zorra ordaintzera, atzeratutako fakturak kontuan hartu gabe». Udalak zama hori izan ez balu, zein proiektu egin ahal izango zituen galdetzea bidezkoa iruditzen zaio Amenabarri: «Erantzuna behin ere ez dugu jakingo. Argi dugu, hasteko eta behin, hainbat proiektu lehenago egingo genituela eta proiektu handiagoei heltzeko aukera izango genukeela. Orain arte izan ez duguna. Era berean, larria iruditzen zaigu, udala modu honetara zorpetu zuenak, gastu arruntak ordaintzeko urtero-urtero maileguak eskatu zituenak, autokritika txikienik ere egin ez izana».

Dena den, aurrera begira jarri nahi izan du alkateordeak: «Harro esan dezakegu hurrengo legealdian udalera sartzen denak egoera normal bat aurkituko duela ekonomikoki; bere zorra duen udal bat, baina kontrolpean dagoena. Eta horrek poza ematen digu herritarrek gehien ikusten duten arloa ez izan arren, diru kontuek baldintzatzen baitute udal batek arlo gehienetan egin dezakeen lana».

Egoera ekonomikoa «saneatuta», hemendik aurrera, udalak zorpetzeko aukera izango duela uste dute EH Bildutik, «argi dugu, hala ere, inbertsio zehatzetarako zorpetu behar dela udala, eta ez ohiko gastuak ordaintzeko». Luengok aurreratu duenez, 2019ari begira, garrantzitsutzat duten inbertsio baterako mailegu bat eskatzeko aukera aztertzen ari dira udal gobernuan. Urtarrila inguruan onartuko dute hurrengo urteko aurrekontua, eta orduan jakinaraziko dute zein den inbertsio berria.

LUENGOREN AGURRA

«Maiatzeko udal hauteskundeetan ez naiz alkategai izango», horrela jakinarazi du Joxe Mari Luengok ez duela hautagai bezala errepikatuko. «Zortzi urte pasa dira eta uste dut nahikoa badirela lan honetarako. Jende berriari bidea eman behar zaio».

Agerraldia baliatu nahi izan du alkateak eskerrak emateko: «Bereziki familiari, pazientziagatik. Bi legealditan taldean izan diren zinegotziei, beraien lanari esker, aurrera atera ahal izan duelako udal honek, gauzak ondo eginda. Atzean egon den herriko jendeari ere azaldu nahi diot eskerrona, babes eta laguntza handia eman didatelako».

Herritarrekin ere gogoratu da Luengo, «eskerrik asko gurekin sinisteagatik» adierazi die. Zizurkilgo alkate izatea, «ohorea» izan dela aipatu du agerraldia amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!