'Hamaika hitz irudidun' aurkeztuz hasi dute Liburuaren Astea

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 17a, 18:01

Zizurkilen Liburuaren Astea abiatzeko, Plazida Otaño liburutegiak herriko hiru ikastetxeekin batera osatu duen hiztegi irudiduna aurkeztu dute

Euskaraldiaren harira, Plazida Otaño liburutegiak San Millan eskolarekin, Zubimusu ikastolarekin eta Pedro Mari Otaño eskolarekin batera osatu du Hamaika hitz irudidun liburua. Arantxa Zabala liburuzainak azaldu duenez, Mis primeras 80.000 palabras izeneko lana hartu dute eredu: «Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalarekin harremanetan jarri eta ilustratzaileen zerrenda luze bat lortu genuen. Herriko hiru ikastetxeen artean banatu genituen izenak, eta ikastetxeetako umeek, ilustratzaile bakoitzaren irudi bat aukeratu eta euskarazko hitz batekin lotu dute». A-tik Z-ra, alfabetoari jarraituz, 82 irudi, eta beraz, 82 hitz osatu dituzte.

Ikastetxeen izenean, Maialen Zazpek, Pedro Mari Otaño ikastetxeko mediatekako arduradunak hitz egin du: «Gure eskolan 16 irudigile aukeratu genituen eta haien liburuak mediatekan bertan topatu genituen. Bost urtetik bigarren mailara bitarteko umeek hartu dute parte, haiek baitira ipuin tarteetara etortzen direnak». Zailtasunak ere izan dituzte bidean: «Gure eskolari N-tik Z-ra bitarteko hitzak osatzea egokitu zaio, eta ikasleei irudi baterako hitz bat okurritu arren, sinonimo baten edo beste hitz baten bila jo behar izan dugu. Lanketa hori egiteko balio izan digu ariketak».

IRUDIGILEEI GORAZARRE

Irudigileen irudimen eta sormen ahalmena goraipatu nahi izan du aurkezpenean Zabalak. «Liburuzainok eta umeekin lan egiten dugunok, oro har, makina bat ordu pasatzen ditugu album ilustratuei begira, irudiez zein hizkiez disfrutatzen. Ederki ezagutzen ditugu liburu hauen idazleak, baina marrazkilariak, aldiz, ezezagunak zaizkigu. Artista hauen lana eskertu nahi dugu, edertasunez betetzen dituztelako adin guztietako irakurleen begiak, ilustrazio koloretsuekin». Herriko ilustratzaile bati, Maria Altuna Lizarragari eskatu diote azalerako irudia.

Lau ale prestatu dituzte eta parte hartu duten ikastetxeen artean banatuko dituzte egunotan. Beste ale bat Plazida Otaño liburutegian geratuko da, toki berezian, jendeak kontsultatu dezan.

IPUINEZ OSATUTAKO ASTEA

Atzo aurkeztutako proiektuarekin abiatu dute Liburuaren Astea Zizurkilen. Ipuinak izango dira protagonista datozen egun hauetan. Asteartean, Pello Añorga ariko da Plazida Otaño liburutegian eta ostegunean Iriarte kultur etxean Maite Francoren txanda izango da. Bi kasuetan, lau urtetik gorako umeentzat kontatuko dute ipuina eta umeek guraso gabe sartu beharko dute aretora. Gainera, ostiralean, Teodoro Hernandorena XVII. Ipuin Lehiaketako eta Plazida Otaño II. Booktrailer lehiaketako sariak banatuko dira liburutegiko gela balio anitzean, 17:30etik aurrera. Ohi bezala, Teodoro Hernandorena zenaren senideak etorriko dira Zizurkilera sari banaketa ekitaldian parte hartzera.

Ombu guraso elkarteak, berriz, larunbatean Ipuinen unibertsoa familian ekimenean parte hartuko du. 11:30etik aurrera, gurasoak beraiek izango dira gerturatzen diren umeei ipuina kontatzen ariko direnak. Etzi, aldiz, Eguberrietarako apaingarrien tailerra antolatu dute Plazida Otañon. Komuneko paperaren tutua berrerabiliko dute Gabonetako apaingarri horiek egiteko.

LIBURUAREN ASTEA 2018

Abenduak 18, bihar

17:30. Ipuin kontaketa Pello Añorgaren eskutik, Plazida Otaño liburutegian 4 urtetik gorako umeentzat. (Umeek guraso gabe sartu beharko dute ipuin kontaketa saiora).

Abenduak 19, asteazkena

17:30. Gabonetako apaingarrien tailerra. Komuneko paperaren tutua berrerabiliko dute apaingarrietarako.

Abenduak 20, osteguna

17:30. Ipuin kontaketa saioa Maite Francoren eskutik 4 urtetik gorako umeentzat Zizurkilgo herriguneko Iriarte kultur etxean. (Umeek guraso gabe sartu beharko dute kultur etxeko aretora).

Abenduak 21, ostirala

17:30. Teodoro Hernandorena XVII. Ipuin lehiaketa eta Plazida Otaño II. Booktrailer lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da, Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean.

Abenduak 22, larunbata

11:30. Ipuinen unibertsoa familian ekimena burutuko da Pedro Mari Otaño ikastetxeko Ombu guraso elkartearen eskutik, Plazida Otaño liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!