Karakterizatutako zabor poltsetan hondakin organikoa eta errefusa agertu da gehienbat

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 13a, 13:17

Zizurkilen Joxe Aregi plazan atzo arratsaldean egin zuten karakterizazio publikoa eta orotara 100 kilotik gora hondakin aztertu ziren, lurrean eta behar ez den tokietan botatako zabor poltsetan jasotakoak.

Frakzioka, bildutako hondakinen %47a organikoa izan zen eta %27a errefusa. Ontzi arinak %11 izan ziren, %10 papera eta kartoia eta %1,5 beira. Poltsa gehienetan gai guztiak "nahasian" agertu zirela aipatu dute udaleko iturriek, eta beste gutxi batzuetan, "gai birziklagarriak edukiontzi bidez kudeatzen direla pentsa daiteke, eta errefusa eta organikoa kalera botatzen diren poltsa horien barruan daudela".

Bi orduz aritu ziren karakterizazio egin zuten langileak poltsak ireki eta barruan zegoena ikusten, aztertzen eta sailkatzen. Gai edo frakzio bakoitzari dagokion hondakinak pisatu eta dagokion edukiontzira bota zituzten. 115 kilo hondakin pisatu zituzten.

Zizurkilgo udala kezkatuta dago kalean topatzen diren zabor poltsekin. "Hainbeste hondakin kalean botatzea ez da normala, eta hondakinen bilketarako dauden bideak erabiltzeko eskatu nahi diegu hondakinen bilketa sisteman parte hartzen ez duten herritarrei. Denon artean irudi hau berriz ez ematea lortu dezakegulako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!