Errefuxiatuen alde egindako lana ikusgai

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 14a, 10:00

'Errefuxiatuak: gaur zu, bihar ni?' erakusketa ikusgai izango da abenduaren 20ra arte Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan, errefuxiatuek bizi duten egoera azaleratzea da ekimenaren helburua

Hotz Legazpi taldea 2016tik ari da lanean eta denbora honetan proiektu asko bideratu ditu errefuxiatuen alde, besteak beste, arropa eta janari bilketak, hitzaldiak eta sentsibilizazio kanpainak burutu ditu. Ihesi joan behar izan dutenen oinarrizko beharrak asetzera eta osasun eta hezkuntza arloko proiektuak garatzera bideratu dute laguntza. Asmo horrekin, aurtengo apirilean egin zuten topo Crearte proiektuarekin.

Arriondaseko (Asturias, Espainia) institutuan du sorburua proiektuak. Bertako ikasleek Atenaseko Squad City plazako haur errefuxiatuekin harremana egin eta haiek egindako marrazkiak katiluetan serigrafiatu zituzten, gero, azoka solidario batean saldu eta bildutako dirua errefuxiatuei bideratuz. Asturiasen abiatutako proiektua zabaltzen joan da pixkanaka eta Hotz Legazpi elkarteak apirilean erabaki zuen ekimenarekin bat egitea. 500 katilu baino gehiago saldu zituzten eta Itsasondo, Legorreta eta Zaldibian ere beste hainbeste jarri zituzten salgai.

Zizurkileraino iritsi da katilu solidarioen egitasmoa eta aurreko urrian egindako Azoka Berezian hainbat herritar aritu ziren boluntario gisa katiluak saltzen. Hain zuzen, Zizurkilgo kultura sailaren ekimenez iritsi da Plazida Otañora erakusketa, Jon Maiztegi, Hotz Legazpiko kideak azaldu du: «Gurekin harremanetan jarri eta erakusketaren bat prestatuta ote geneukan galdetu ziguten. Ordura arte ez zitzaigun burutik pasa ere egin, baina horrelako kasuetan amestu egin behar da».

Katilu solidarioekin lortzen duten dirua, Itsas Salbamendu Humatarioa eta En Red Sos Refugiados elkartera bideratzen dute eta haiengana jo zuten Hotz Legazpikoek lehenik eta behin. «Errefuxiatuen inguruan urte guzti hauetan elkarte askorekin izan dugu harremana eta elkarte bakoitzak bere materialaren zati bat utzi du gure esku erakusketa txiki hau antolatu genezan». Aipatutako bi elkarteekin batera, Pasaportes para Siria, Zaporeak, Javi Julio argazkilariaren lanak eta Hotz Legazpik urteotan burutu dituen kanpainen argazki eta materialak bildu dituzte. Horrekin batera, noski, katilu solidarioak salgai jarriko dira Plazida Otañoko erakusketa gelan, bakoitza 10 euroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!