Euskaraldiko saskiaren zenbaki sariduna 0361 da

Ataria 2018ko azaroaren 20a

Gaur bertan egin dute zozketa eta Zizurkilgo Ogi Zuri kafetegian banatutakoa da zenbakia. Udalak dei egin dio irabazleari harremanetan jar dadin (943 69 10 12 telefonoa zenbakian 4. luzapenarekin). Sari banaketa ostiralean, azaroaren 23an egingo da, Euskaraldiaren hasierako egunarekin bat eginez.

Zizurkilgo merkatari eta ostalariek saskia osatu dute, beren produktuekin, Euskaraldiaren harira azaroaren 12tik 18ra bitartean erosketak euskaraz egin dituztenen artean zozketatzeko. Tarte horretan, zenbakiak banatzen ibili dira erosketak euskaraz egin dituztenei, bai eta, erabat euskaraz egiteko gai ez izan arren, agurrak behintzat euskaraz egiteko saiakera egin duten bezeroei.

Saskia oso oparoa da, hainbat motatako produktuz eta zerbitzuz osatua; izan ere, Zizurkilgo merkatari guztiek eta ia ostalari gehienek egin dute ekarpena saskia osatzeko garaian. Hain zuzen, Zizurkilgo Udalak eskerrak ematen dizkie herriko merkatari eta ostalari guztiei, Euskaraldia kanpaina herritarren artean zabaltzen eta kanpaina aurrera eramaten emandako laguntzagatik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!