Otaegi seigarren, Euskal Herrikoan

Asier Imaz 2018ko urriaren 29a

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatu zen igandean Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Joseba Otaegi sei aizkolariren artean zen, baina zizurkildarraren saioa ez zen ona izan. Seigarren geratu zen 47 minutu eta 9 segundoko denborarekin. Txapela Aitzol Atutxak irabazi zuen, bosgarrena jarraian.

Bizkaitarraren eta Iker Vicenteren arteko lehia estua eta ikusgarria izan zen. Hasieran,  Mikel Larrañaga ere eurekin izan zen, baina ondoren azpeitiarra bete egin zen.


Iaz Atutxak 18 segundoko aldearekin jantzi baldin bazuen txapela, aurten 19 izan ziren Vicenteri atera zizkionak. Mikel Larrañagak hirugarren amaitu zuen, minutu bat eta 16 segundora. Ondorengo hiru aizkolariak bigarren multzo batean aritu ziren finalean, eta hor Iñaki Azurmendi izan zen laugarren postuarekin geratu zena. Bosgarren Eneko Otaño gaztea izan zen, eta seigarren, Joseba Otaegi zizurkildarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!