Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa antolatu dute bosgarrenez

Ataria 2018ko urr. 25a, 11:35

Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak antolatu du Harituz bertsozale elkargunearen lankidetzarekin eta lanak azaroaren 7a baino lehen bidali beharko dira.

Lau mailatan banatu dute sariketa eta horren arabera zehaztu dituzte egin beharreko lanak eta gero emango dituzten sariak.

Gelen arteko mailan Lehen Hezkuntzako taldeek parte hartu ahal izango dute. Bakoitzak nahi adina bertsopaper bidali ahal izango ditu eta bertsopaper bakoitzeko hiru bertso edo sei kopla idatzi beharko dira, aukeran. Maila honetan parte hartzen dutenen artean, bigarren saria eskuratzen dutenek Mainontzi jolasa eramango dute eta lehenengo sailkatuko den taldeak, aukeratutako bertsolari baten bisita jasoko du eskolan.

Gaztetxoen mailan 15 urte artekoek parte hartu ahal izango dute, 2003. urtetik aurrera jaiotakoek, alegia. Mailan honetan ere, nahi adina bertsopaper bidali daitezke eta bertsopaper bakoitzeko hiru bertso edo sei kopla idatzi beharko dira aukeran. Bigarren sailkatuak trofeoa eta 50 euroko erosketa balea eramango ditu eta lehen sailkatuak trofeoa eta 100 euroko erosketa balea.

18 urte arteko gazteek, berriz, bertsopaper bakoitzeko gutxienez sei bertso idatzi beharko dituzte. Gazteen mailan lehen saria eskuratzen duenak 250 euro eramango ditu eta bigarrenak 125 euro.

Azkenik, helduen mailan, gutxienez bertsopaper bakoitzeko zortzi bertso idazteko muga jarri dute. Maila honetan bertsopaper onena aurkezten duenak 500 euro eramango ditu eta bigarren sailkatuak, 250 euro.

Maila, guztietan, hori bai, neurria eta doinua libreak izango dira eta baita aukeratutako gaia ere. Harituz bertsozale elkarteko kideek egingo dituzte epaimahai lanak eta sari banaketa ekitaldia azaroaren 17an egingo da Zizurkilgo Iriarte jatetxean egingo den bertso afariaren aurretik. Sariak jasotzerakoan, irabazleek beraien bertsoak kantatzeko aukera izango dute.

Lanak azaroaren 7a baino lehen bidali beharko dira info@hernandorena.eus helbidera edo posta arruntez, helbide honetara: Hernandorena kultur elkartea. Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa. P.K. 22. Iriarte etxea. Pello Mari Otaño plaza. 20159. Zizurkil. Argibide gehiago nahi duenak 656 74 37 41 telefonoan edo info@hernandorena.eus helbidean izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!