Sentsibilizazio eta kontrol handiagoa nahi du Zizurkilgo Udalak hondakinen bilketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 18a, 20:27

Zizurkilgo Udalak Hondakinen Batzordea sortuko du, hondakinen bilketaren inguruko lanketa koordinatzeko, sustatzeko eta modu adostuan bideratu ahal izateko

Hondakinen kudeaketa hobetzeko asmoz, eta hauei lotutako arazoei aurre egiteko helburuz, udalak hondakinen gaia lantzeko programa bat martxan jartzea erabaki du. Programa honen bitartez sentsibilizazioa eta kontzientziazioa jorratuko da, bilketa sistemaren jarraipen eta kontrol handiagoa egingo da. Horrekin batera Hondakinen Batzordea osatuko da programa honen nondik norakoak azaldu eta adosteko.

Hondakinen sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzeko, udalak hezitzaile bat kontratatu du urrian hasi eta sei hilabeteetarako. Hezitzaile honek etxez etxeko bisitak egingo ditu eta bisita hauetan sentsibilizazioa izango da helburu nagusia, baina herritarrekin harreman zuzen hori aprobetxatuko da udalak dituen datuak konfirmatzeko (ontzien zenbakiak, ateratzeko maiztasuna eta lekua, konpostik egiten duten…) eta haien iritziak eta proposamenak entzuteko. «Ahal den neurrian eta proposamen zehatz eta bateratuak egonez gero, haiei erantzuna emateko bideak bilatuko dira», esan dute Zizurkilgo Udaletik.

Bilketa sistemaren jarraipen eta kontrola hobetzeko, Zizurkilen dauden puntu beltzen jarraipena egingo da, eta beharrezkoa izanez gero, zigor espedienteak areagotuko direla jakinarazi du udalak. «Gainera, kalean, bildu gabe dauden ontzien jarraipena egingo da, eta gogoraraziko da, norberak ontziak bere etxean gorde behar dituela eta dagokion egunean jaitsi behar dituela bilketa orduetan, iluntzean».

Bukatzeko, lanketa hau guztia «koordinatzeko, sustatzeko eta modu adostuan bideratzeko» Hondakinen Batzordea osatuko da Zizurkilgo udaletxean. Batzordean hondakinen datuen azterketa egingo dela jakinarazi dute udal ordezkariek, eta horien gainean, eta programaren lanketaren bilakaeraren arabera, erabaki adostuak hartzeko aukera egongo dela.

HONDAKIN PROGRAMA MARTXAN

Atez ate

Hondakinak ateratzeko ordutegia: 20:00etatik 22:00etara

Organikoa. Astearte, ostiral eta igande gauetan.

Errefusa. Larunbat gauetan.

Pardelak. Aipatutako egunetan atera ahal izango dira atez ate.

Edukiontzietan

Beira. Edukiontzi berdean.

Papera eta kartoia. Edukiontzi urdinean.

Ontzi arinak. Edukiontzi horian.

Bestelakoak. Landare olioa, arropak eta pilak jasotzeko edukiontzi bereziak egongo dira herrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!