Zizurkilgo lan istripua salatu du gehiengo sindikalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 11a, 14:17

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek egin dute Zizurkilen eta azken heriotza lan munduaren prekarietatearekin lotu dute.

Larunbatean Zizurkil eta Asteasu artean, uzta makina batek harrapatu ostean izandako zauri larrien ondorioz igandean zendu zen 46 urteko langilearen heriotza salatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek, bertaratutako herritarrekin batera. «Dolumina eta babesa» adierazi diete elkarretaratzean bildutakoek hildako langilearen familia, lagun eta gertukoei eta heriotza honen arrazoiak ikertzeko eskatu dute.

Sindikatuen ustez, «lan munduaren prekarietatearen ondorio da bizi dugun etengabeko sarraskia». Egoera hau ekiditeko lan baldintza txarrak aldatu behar direla esan dute sindikatuek, «eta interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu». Gaiak daukan gordintasuna azaleratzeko Hego Euskal Herriko gobernuek interesik ez dutela esan dute sindikatuek, «ez dute gaia agenda politikoan kokatzen eta langileari ez zaio bermatzen lan osasunerako eskubidea». Erabaki politikoaren ondorioa da larunbateko istripua Izaro Mujika ELAko ordezkariaren ustetan: «Eusko Jaurlaritzak ez du neurririk hartzen eta politika errealak behar ditugu lakra honekin amaitzeko. Beste azpiegitura batzuetan dirua xahutu beharrean, baliabideak jarri ditzatela honekin mozteko».

Gehiengo sindikalak salatu duenez, lan istripuen kopurua handitzen ari da urtez urte eta 2018a hasi zenetik Euskal Herrian 57 langile hil dira, horietatik hiru nekazaritza sektorean. «Nekazaritza arrisku handiko sektorea da: jardunaldi luzeak, irregularrak, zarata eta estres termikoa nagusi izan ohi da, eta horrekin batera, erabiltzen diren makinak oso arriskutsuak dira», esan dute sindikatuek. Osalanek izapideak abiatu ditu larunbateko istripua ikertzeko eta sindikatuek aurre-txosten bat jaso dute laburki nola gertatu zen azalduz. «Ikerketa martxan da, aurrerago jakingo dugu arrazoiak zein izan diren eta horren arabera, ardurak izendatu eta neurriak exijituko ditugu berriz horrelakorik pasa ez dadin».

Egunero, 287 lan istripu gertatzen dira. «Nazkatuta gaude, nahikoa da» esan du elkarretaratzean Haizea Mendia, LABeko ordezkariak. Oinarrizko segurtasun neurri batzuekin, istripuak ekidin daitezkeela uste dute sindikatuek, eta beraz, langileen eskubide, segurtasun eta osasunaren alde, borrokan jarraitzeko deia luzatu dute, «langileria eta gizarte osoa martxan jarriz».

Batzar Nagusien adierazpena

Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde adierazpena argitaratu dute Zizurkilgo azkeneko heriotza salatzeko. Lan istripuak gure sistema ekonomiko-sozialaren «egiturazko arazo» bilakatu direla uste dute Batzar Nagusiek eta lan arriskuen aurkako defentsarik onena prebentzioa eta prestakuntza direla, «horien bidez lortzen baitute langileek ongizatea, ezagutza eta segurtasuna». Nagusiei eta langileei, segurtasun eta osasunari buruzko araudia «zorrotz bete dezatela» eskatu die, «laneko arriskuei aurrea hartzeko».

Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde guztiei berriz ere eskatu die, «lan arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazarri eta ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu ditzatela, administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalarekin koordinatuta». Erakunde adierazpenean esandakoaren arabera, «langileak dira gure herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoaren muina», eta horregatik, «lan mota guztietan lehentasuna izan behar du lan segurtasunak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!