Emakumeen emaria gogora ekarriko dute Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 9a, 17:42

Zizurkilen XXI. Azoka Berezia egingo dute igandean, eta aurrez, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan bi ekimen egingo dituzte, bihar eta larunbatean.

Bigarren hamarkada gainditu du Zizurkilgo Azoka Bereziak, eta urtero bezala, berrikuntzekin dator. Aurten Zizurkilgo Udalak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren urtez antolatu dituen Ondarearen Europako Jardunaldiekin. Emakumeen emaria da edizio honetarako aukeratutako gaia, eta helburua, ondasun kulturalak sortu, zaindu eta transmititzeko garaian emakumeen eginkizuna ikusaraztea da. «Ondarearen transmisioan emakumeek izandako papera agerian utzi nahi dugu, Zizurkilgo Plazida Otaño eta Asteasuko Mikaela Elizegi bertsolariak ardatz hartuta», esan du Joxe Mari Luengo alkateak.

Ez da lehen aldia emakumeei aitortza egiten dietela Zizurkilen. Juan Gorritik egindako Baserriko Argia eskultura 2002an jarri zuten herrian, EBELen eskutik eta urtero egiten den azokan ere aintzat hartzen dute herriko emakume baserritarren lana. Ainhoa Larrea Kultura teknikariaren esanetan, «emakumeek hazien hautaketan, ondarearen sorkuntzan eta haren transmisioan egindako lana ikusarazi nahi dugu». Horretarako, bihar 19:00etan, Emakumeak ondarea aletzen saioa eskainiko dute Iriarte kultur etxean, Harituz elkartearekin elkarlanean. Estitxu Eizagirrek gidatuko du saioa eta Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira bertsotan, Tomax Lizardiren gitarra lagun dutela.

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, berriz, larunbatean 18:30ean, Plazida Otaño oroituko dute. Emakumeen isilpeko emaria ekarriko dute gogora herritarrek. Janire Sansebastianek, Otañok botatako bertso batzuekin esketxak egingo ditu, eta ondoren, Zimiterioan, Haatik dantza konpainiak Lau eme koreografia eskainiko du. Amaia Agirrek borobilduko du ekitaldia emakumeek bere garaian sortu eta isilpean gordetako bertso musikatuak eskainiz.

HERRIGUNEAN, AZOKA BEREZIA

Igandean, egitaraua amaitzeko, XXI. Azoka Berezia egingo dute Zizurkilen. Betikoa izango da, nahiz eta berrikuntzekin etorri, Maite Amenabar alkateordeak nabarmendu bezala: «Iaz abiatutakoaren bidetik, aurten hiru artisauk beren lanbidearen erakustaldi txiki bat egingo dute. Igor Hercek forjan nola egiten duen lan erakutsiko du, Igor Obeso beira lantzen ariko da eta Ttikiola proiektukoek lihoa egiteko prozesua azalduko dute». Azokara gerturatzen direnak, ikusle huts baino «parte hartzaile aktibo» bihurtu nahi dituztela azpimarratu du Amenabarrek eta horretarako tailerrak eskainiko dira goiz zein arratsaldez. «Gainera, egun osoan zehar, puzgarriak egongo dira txikienentzat eta arratsaldean poneytan ibiltzeko aukera izango da».

Teodoro Hernandorena kalean 19 janari postu jarriko dira eta horietako bost herrikoak izango dira: Loidi baserria, Menditarte, Nerea Asurmendi, Josefa Imaz eta Garazi loradenda. Intxaur frontoian berriz, 21 artisauk erakutsiko dituzten beren lanak, tartean herrikoak diren Juani Alkortak, Luixi Goikoetxeak eta Dario Artetak.

Herriko Pedro Mari Otaño eta San Millan eskolek euren postua izango dute azokan eta Elizpe erretiratu elkartekoek Grezian bizi diren haur errefuxiatuen marrazkiekin egindako katiluak jarriko dituzte salgai. Herri bazkaria Zimiterioan egingo da urtero bezala eta txartelak salgai dira 15 euroan Egarri eta Iriarte tabernetan. Etxetik bazkaria eramaten dutenentzat mahaiak eta aulkiak jarriko ditu udalak.

Zizurkilgo baserritarren postuetan erosiz baserritarrei laguntzeko deia egin du Luengo alkateak eta joan-etorriak erraztu eta mugikortasun arazoak ekiditeko autobus zerbitzua erabiltzeko gomendioa luzatu die herritarrei: «Autobusak egun osoan zehar ibiliko dira gora eta behera, etengabe. 10:15etik aurrera Bulandegiko errotondatik eta Zubiarretxoko bidegurutzetik irtengo dira. Eguneko azkenekoa, 20:30ean aterako da herrigunetik». Udalarekin batera, festa batzordeak antolatzen du azoka eta alkateak egunean bertan lanean ariko diren boluntarioen lana eskertu du. Axier Muxika herriko baserritarra ere gogora ekarri du. «Aste honetan joan zaigu istripu larri batean, eta azoka berezi honetan, bere izaera alaiak tarte berezia izango du», esan du Luengok.

EGITARAUA

Urriak 10, asteazkena

Emakumeak ondarea aletzen

19:00. Iriarte kultur etxean, Plazida Otaño eta Mikaela Elizegi ardatz hartuta, Estitxu Eizagirrek gidatuko du saioa eta Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira bertsotan. Gitarrarekin Tomax Lizardik lagunduko die.

Urriak 13, larunbata

Plazida Otaño oroituz, emakumeen isilpeko emaria

18:30. Herriguneko Zimiterioan, Janire Sansebastianek esketxak eskainiko ditu, Haatik dantza konpainak Lau eme koreografia dantzatuko du eta bertso musikatuak kantatuko ditu Amaia Agirrek.

Urriak 14, igandea

XXI. Azoka Berezia

10:30 - 14:30 / 16:30 - 19:00. Baserriko produktuak izango dira Teodoro Hernandorena kalean eta Intxaur frontoian artisau postuak izango dira.

11:30. Haurrentzat liho eta buztin tailerrak eta txikientzat puzgarriak.

14:30. Bazkari herrikoia Zimiterioan. Txartelak salgai Iriarten eta Egarrin, 15 euroan.

16:30. Haurrentzat tailerrak, poneyak eta puzgarriak.

18:30. Gipuzkoako Harri Handien txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!