Otaegi, apusturik gabe

Ataria 2018ko urr. 9a, 11:20

Ostiralerako hitzordua jarri zion Joseba Otaegik Xabier Zalduari: Azpeitiko Mendizabal erretegian, 19:00etan. Ez zen agertu, ordea.

Ostiralean Azpeitiko Mendizabal erretegian zain izan zen Joseba Otaegi zizurkildarra. Xabier Zaldua pentatloiko irabazleari desafioa bota zion, eta apustua adosteko asmoz gerturatu zen. Ez zen inor agertu, beraz, etxera apusturik gabe itzuli zen Otaegi.

Pentatloiaren egunean, ETBren bidez bota zion erronka Zalduari: pentatloiko lan berbera egitea buruz buru. Zalduak, baina, argi esan zuen Berria egunkarian egindako elkarrizketan ez zela apustua negoziatzera agertuko: «Pentatloian lehiatu aurretik zurrumurruak baziren, eta emaztearekin hitz eginda nuen aurten behintzat Gabonak lasai pasatuko nituela. Urrezko Koparako izena eman dut, eta joango naiz. Gainera, ez diot zentzurik ikusten pentatloiko lan berak orain egiteari, agian aldaketa batzuk egin balitu…».

Pentatloiaren gauean bertan ere ez zuela erronkarik onartuko esan zuen Zalduak. Otaegik ez zuen pentatloian parte hartu Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketa prestatzen ari delako. Dena den, Otaegik mantendu egin zuen apustua lotzeko zita, baina Zalduak Berrian esanari eutsi zion, eta zen bertaratu.

Aizkolari zizurkildarraren hurrengo hitzordua azaroaren 28an izango da. Kasu honetan Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketaren finala jokatuko du Otaegik. Kanporaketan sei aizkolarik egin zuten aurrera eta zizurkildarra horien artean zegoen. Finala Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!