Zizurkilgo tabernari bat atxilotu du Ertzaintzak, droga saltzea leporatuta

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 8a, 08:14

Ertzaintzak Zizurkilgo taberna bateko langile bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta. Dirudienez, tabernariak haxixa saltzen zien bezeroei.

Zizurkilgo taberna batean droga saltzen eta kontsumitzen zenaren hainbat kexa jaso zituen Ertzaintzak Hernaniko Ertzain-etxean. Ikerketa abiatu, eta atzo arratsaldean hainbat agente taberna horretara sartu ziren, eta zenbait sustantzia kontsumitzen ari ziren bizpahiru lagun identifikatu zituzten. Identifikatutako pertsona horiei espedientea zabaldu diete, legez kanpoko sustantziak edukitzearren.

Ondoren, tabernako sukaldea eta barra ikuskatu zituztenean, haxix eta speed kopuru txikiak aurkitu zituzten, baita bi balantza eta 480 euro ere aurkitu zituzten. Dirudienez, diru hori legez kanpoko salmentakoa zen.

Hori dela eta, tabernako nagusia, 28 urteko gizonezkoa, atxilotu zuten agenteek, eta polizia-etxera eraman zuten.

Beste bi ikertu Amasa-Villabonan

Ertzaintzak jakinarazi duenez, joan den astean ere bi gazteren aurkako diligentziak zabaldu zituen Amasa-Villabonan. Gazte-lokal batean zarata asko zegoenaren dei bat jaso zuten agenteek, eta hori egiaztatzera joandakoan, balantza bat topatzeaz gain, hiru marihuana poltsa, kilo erdi haxix eta dosi txikiak prestatzeko beste hainbat elementu atzeman zituzten. 200 euro ere topatu zituzten. Hori dela eta, lokaleko erabiltzaileak diren 22 urteko bi gazteren aurkako eginbideak abiatu dituzte, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!