«Atxulondok garagardotegi baten itxura izatea nahi genuke»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 19a, 07:50

Xabi Tello, Atxulondoko kudeatzaile berria

Zizurkilgo Udalaren jabetzako ostatua da Atxulondo, eta hilabeteetan itxita egon ondoren, Xabi Tello kudeatzaile berriak asmo berriak ditu jatetxe eta tabernarentzat.

Nahi baino gehiago luzatu zaizkie Atxulondo ostatua egokitzeko lanak, baina Elbarrenako festak hasi aurretik zabaldu ditu ateak kultur etxeko azpialdean kokatuta dagoen tabernak. Gogoz hartu du erronka Xabi Tello (Andoain, 1968) irakasle eta ostalariak. Martxa hartzen doazen heinean zabalduko dute jatetxean egiten duten eskaintza, eta bien bitartean, kalitateari garrantzia emango diote, «bezeroa gustura uztea da garrantzitsuena», esan du sukaldari andoaindarrak.

Zer nolako hasiera eman diozue Atxulondo jatetxearen aro berri honi?

Oso hasiera ona izan da, jai txiki bat prestatu genuen irekierarako. Mokadu txiki bat eta kontzertu bat izan genituen. Elbarrenako festak ere igaro berri dira eta balorazio oso positiboa egin dugu, jende asko ibili baita.

Zer nolako baldintzatan hartu duzue ostatuaren kudeaketa?

Zizurkilgo Udalak lehiaketara atera zuen ostatuaren kudeaketa eta guk bakarrik aurkeztu genuen hautagaitza. Alokatu egin dugu ostatua hamar urteetarako eta beste bost urtez luzatu ahal izango dugu, nahi izatera. Udalak oinarrizko azpiegiturak egokitu ditu eta gainerako obra guztia gure esku geratu da. Sukaldea berritu dugu, taberna margotu eta instalakuntza guztiak egin ditugu. Makineria ere berritu dugu.

Gustura geratu zarete emaitzarekin?

Bai. Niretzako oso polita geratu da. Dekorazio guztia guk egin dugu eta landako ukitu bat eman diogu. Gustura geratu gara emaitzarekin, egia esan.

Zenbat lagunen artean eramango duzue taberna-jatetxearen ardura?

Oraingoz ez dakigu esaten, lanaren araberakoa izango baita hori. Momentuz, bi lagun dabiltza zerbitzari bezala eta beste bi sukaldean. Gustatuko litzaiguke, gauzak ondo bidean, lan gehiago eduki eta jende gehiago kontratatu ahal izatea.

Zu ere tartean lanean arituko zara?

Bai, lau lagun horiez gain nik koordinazio lanak egingo ditut.

Gainera, baduzu esperientzia ostalaritza munduan.

Sukalde eskolan hasi nintzen duela 35 urte inguru eta sukalde irakasle aritu naiz, nagusiki, urte hauetan. Andoaingo Bordan aritu naiz urte luzetan eta kanpoan ere jardun izan dut. Orain abentura berri honetan sartu gara eta anaia Alexen laguntza ere izango dut. Aktorea da eta ostatuan kultur ekitaldiak antolatzen lagunduko dit.

Atxulondo, ostatu soila baino gehiago izatea nahiko zenukete?

Ostalaritza kulturarekin uztartu nahi genuke eta poltsiko antzerkia edo kontzertuak antolatu nahi genituzke, adibidez. Inaugurazio egunean talde bat gonbidatu genuen eta jende asko gerturatu zen.

Zer nolako eskaintza gastronomikoa egingo duzue?

Atxulondok garagardotegi baten itxura izatea nahi genuke. Sei garagardo ezberdin dastatu ahal izango dira iturritik eta jatekoak ere ildo horretatik joango dira.

Eguneko menua emango al duzue?

Ikusi dugu gureak eskaintza osagarria izan behar duela. Eguneko menu oso bat eskaini beharrean, eguneko platera eskaintzen dugu 9 euroan. Proposamen bakarra da, entsalada bat bol batean eta arraina edo haragia, etxeko postrearekin. Eguerdian eskainiko dugu plater hori, baina gauean eskaintza zabalagoa izango da: errazioak, ogitartekoak, menu begetalak eta bertako produktuekin osatutako KM 0 izenekoak emango ditugu. Hori osatzeko bi menu berezi: Atxulondo menua, sagardotegiko ohiko eskaintzarekin, eta garagardo menua, ukondoa, saltxitxak, patata purea, entsalada berdea eta garagardo batekin.

Zer nolako mugimendua sumatu duzue lehenengo egun hauetan?

Asteburu eta gauetan izaten da jende gehien. Asteazkenetan pintxo potea egoten da eta hasi dira kuadrillak guregana gerturatzen. Taldeko menuak ere prestatzen ditugu eta proposamenak erantzuteko prest gaude.

Zenbat jenderentzako tokia dago jantokian?

Momentuz 40 lagunentzako tokia dago, guretzako bezeroek espazioa edukitzea garrantzitsua delako. Kuadrilla edo talde handiek behar badute egokitu dezakegu jantokia eta 80 lagunentzako tokia egin. Aurrera begira eta eguraldi onarekin terrazan badugu menuak eskaintzeko asmoa.

Zein ordutegi duzue?

Udalarekin adostuta dago eta astelehena dugu atsedenerako eguna. Abuztuan kultur etxea itxita dagoenez, guk ere itxi egingo dugu hilabetez langileei oporrak eman ahal izateko. Gainerakoan, egunero-egunero, bederatziak jo aurretik irekitzen dugu eta asteburuetan beranduxeago, jendea ez delako hain goiz ibiltzen. Eta itxi? Gaueko hamaikak aldera astegunetan. Asteburuetan asmoa dugu musika jarri eta beranduago ixteko. Negura begira, udalarekin adostuta, zerbait prestatu nahi genuke.

Zein da zuen publiko potentziala?

Hemen goian kultur etxea dago eta ikastaroak izaten dira ikasturtean zehar. Plaza ere hor bertan dugu eta baita ere liburutegia. Herriko erdigunean gaudela esan dezakegu, toki estrategikoan. Eliza ere hemen bertan dugu eta handik aterata salda beroa eta txorizo egosia hartu nahi duenak horretarako aukera izango du Atxulondon.

Zer dio konpetentziak? Harreman ona al duzue elkarren artean?

Hilabete batzuetan itxita egon ondoren jendeak eskertzen du bilgune hau zabalik egotea. Poteatzeko gune bat sortzen da eta hori denen onerako da. Ni Pasusen sukalde aholkulari bezala aritu naiz eta jarraituko dut langintza horretan. Egarrirekin batera, hiru tabernak martxan egotea denon onerako da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!