Zizurkilgo Elbarrenako jaiak 2018

Zizurkilen, irudimena eta dastamena dantzan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko irailaren 6a

Ombu guraso elkarteak antolatuta, haur eta gaztetxoentzako sukaldaritza tailerra egin dute, goizean, Elbarrena auzoko festetan.

Olibak, moldeko ogia, arrautza egosia, saltxitxak, azenario xaflak, patata egosia, Lacasitoak eta Filipinoak. Guztia uztartu behar izan dute, goizean, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Irudimena eta dastamena, biak dantzan jarri nahi izan dizkiete, haur eta gaztetxoei, Ombu guraso elkarteko kideek, eta talde bakoitzak bere ideia osatu behar izan du.

Talde lanarekin hasi dira lehenik: osagaiak ikusi, aztertu, eta haiekin egin litekeena pentsatu. Eztabaida eta inprobisazioa etorri dira gero eta, goi-sukaldaritzaren bidetik, zaporeari baino, estetikari begiratu diote neska-mutilek.

Helduen laguntza eta animoak izan dituzte, eta txikienek fruitu-burruntziak egin eta dastatu dituzte, gurasoekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!