Zizurkilgo Elbarrenako jaiak 2018

Elbarrenako melokotoia sekula baino moreago iritsi da

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko irailaren 5a

Hasi dira Zizurkilgo Elbarrena auzoko jaiak, txupinazoarekin; festa batzordean urteotan guztiotan aritu diren emakumeek piztu dituzte jaia iragartzeko suziriak. 

Ikasturte hasierak sor dezakeen nagikeriarekin batera, Zizurkilen izaten dute iraila indarrez hasteko nahikoa arrazoi: Elbarrena auzoko festak. Hasi berri dira, 20:00etako txupinazoarekin eta, aurten, sekula baino moreago iritsi da, melokotoia, Joxe Arregi plazara: festa batzordean lanean aritu diren emakume belaunaldiak protagonista izan dira balkoian. 

Atxulondo kultur etxe aldetik iritsi da melokotoia, eta zizurildar guztiei azaldu die, aurtengo omenaldiaren zergatia: "Ba al dakizue nork garbitu dituen urteotan guztiotan festetab zikindu dituzuen blusak?". Horrela, Maialen Lujanbiok 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi ostean ezagun egindako bertsoa baliatu, eta oihu bakarraz piztu dute suziria, melokotoiak eta festa batzordeko emakumeek: "Gora emakume parrandazaleak!". 

Eta, behin suziri hotsa entzunda, zalaparta nagusi, noski, festa onenetan bezala. Txaranga, taloak, buruhandiak eta txosna ez dira falta izan. Hori bai, jai eta lan egunetarako balio duen aldarri bat izoztu eta gero: txupinazoko protagonistek, herritarrekin batera, Erasorik ez lelo morearekin atera dute talde argazkia. 

Aurten, blusek 40 urte beteko dituzte Elbarrenan; hortzak zorroztuta dituzte, beraz, asteburuari kosk egiteko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!