Festen aurretik, errugbia eta ibilgailu klasikoak

Ataria 2018ko abuztuaren 29a

Argazkia: Patxi Bartolome.

Datorren astean hasiko dira Zizurkilen Elbarrenako jaiak, eta aurretik bi ekitaldi antolatu dituzte larunbat honetarako: I. Melokotoi Txapelketa - Emakumeen Errugbi Eguna eta I. Zizurkilgo Kotxe eta Moto Klasikoen Topaketa.

Ekitaldi bakoitzak bere egitaraua izango du, baina gero bazkaria zein bazkalondoko kontzertua batera egingo dituzte.

I. Melokotoi Txapelketa - Emakumeen Errugbi Eguna entrenamendu libreekin hasiko da, 10:00etan, Elbarrenako zelaian. Bertan nahi duten guztiek parte hartuko ahalko dute, haur, gazte zein helduek. Ondoren, 12:00etan, I. Melokotoi Txapelketa jarriko da jokoan, eta bertan bost errugbi taldek parte hartuko dute: Iruñeko La Unica, Ordizia, Bilboko U.R.B., Hernani eta Donostiako Bera Bera.

I. Zizurkilgo Kotxe eta Moto Klasikoen Topaketari dagokionez, 09:00etatik 10:00etara kotxe eta motoen iritsiera izango da. Kontuan izan behar da ibilgailuek gutxienez 30 urte izan behar dituztela. Ondoren, 10:00etatik 11:30era, motoen igoera kronometratua Fraisorora. Goizeko jarduerak bukatzeko, 12:30etik 13:45era Aiztondotik ibilaldia egingo dute ibilgailu klasikoek.

Bazkaria irekia izango da eta aurretik aipatu bezala, bi ekitaldietako partaideek elkarbanatuko dute. Horretaz gain, irekia izango da nahi duen guztiarentzat. 14:30ean hasiko da eta plazan egingo da, eta txartelak aurretik eskuratu behar dira: Egarri, Txindoki, Atxulondo eta Pasus tabernetan egongo dira salgai eta klasikoakzizurkil@gmail.com helbide elektronikoan ere eman daiteke izena. Helduek 12 euro ordainduko dute eta haurrek, 12 urte arte, 5 euro.

Bazkaldu eta gero musikaren tartea iritsiko da. 17:00ak aldera kontzertuaren txanda izango da, Dinbi Danba taldearekin eta DJ rock musikarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!