Zizurkilgo Herriguneko Jaiak 2018

Beraiek ere jaien parte direlako

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 18a

Zizurkilgo herriguneko (goiko) festak, haurren egunarekin batera, heldu dira amaierara. Azken festa eguna dute gaurkoa, eta gaueko mozorro festaren aurretik, haurrek hartu dute herria.

Krosean nahiz buruhandien aurretik aritu dira lasterka, eta plazan egin dituzte jolasak. Bi urteko haurretatik hasita, 12 urtera bitarteko haurrak, Intxaur frontoiaren alboko zelaian aritu dira korrika, zirkuituari itzuliak emanez. Behin krosa amaituta, buruhandien txanda izan da. Hauek, herriguneko plaza inguruan aritu dira, haurrak beldurtu nahian. Ondoren, baina, buruhandirik gabe, jolasean aritzeko eta apur bat bustitzeko tartea izan dute.

Goizean galdutako indarrak berreskuratzeko, bazkaria egin dute, eta arratsaldean berriz ere gozatzeko aukera izango dute, puzgarriekin eta kart pistan. Iluntzean, berriz, gaztetxo nahiz helduak ere murgilduko dira jaietan, eta oilasko afariarekin nahiz mozorro gauarekin emango diote amaiera aurtengo bost egunetako festa giroari. Nahi duenak, gaupasa egiteko aukera izango du, Trakets musika taldearen erromeriari esker.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!