Zizurkilgo Herriguneko Jaiak 2018

Eneko Maiz eta Iñigo Irisarri, Zimiterioko txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 18a, 13:44

Ostegun gauean jokatu zen Zimiterioko Txapelketako XVI. Malli memoriala. Finalean ez ezik, azken unera arte emozioa izan zuen hirugarren eta laugarren posturako partidan ere, eskualdeko pilotariak aritu ziren.

Malli memoriala, Zizurkilgo herriguneko (goiko) eliza atariko frontoian jokatzen den txapelketa da. Elizpeari zimiterioa deitzen diote, eta aurten, torneoaren hamaseigarren edizioa ospatu da. Ostegun iluntzean, bertako Andre Mari jaien barruan, hirugarren eta laugarren posturako partida eta finala jokatu ziren. Bertan, eskualdeko pilotariak aritu ziren nor baino nor.

Kasualitateak kasualitate, hamaseigarren edizioan, hamasei bikote aritu dira pilota partidak jokatzen. Atzo, multzoen faseko bikote onenetariko lau elkartu ziren bertan. Lauek ere, final laurdenetako kanporaketa gailendu behar izan zuten osteguneko partidetara heltzeko. Finalean, Eneko Maiz billabonatarrak eta Iñigo Irisarri adunarrak, 22-10 irabazi zioten Iñigo Labaka eta Manex Arrieta anoetarrek osatutako bikoteari.

Maizek, "uste baino errazago" irabazi zutela aitortu du. Nahiz eta azken bi urteetan txapela eurek irabazi, bazekiten anoetarrek osatutako bikotea gogorra zela, "urtero hala demostratzen dutelako". 3-0 aurreratu ziren txapeldunak, baina galtzaileek aldea murriztea lortu zuten (3-2). "Hala ere, 9 tanto segidan egin, eta 12-2 jarri ginenean partida haustea lortu genuen". Gero, urdinei, urduritasunak eta presak gainera etorri zitzaizkiela azaltzen du, azken emaitza lortu arte.

Hirugarren eta laugarren posturako lehian, zizurkildar bikoteen arteko partidaz gozatu ahal izan zuten ikusleek. Eta partida ederra izan zen gainera. Peru Labakak eta Jokin Saralegik ,tanto bakarragatik lortu zuten irabaztea, Aitor San Sebastian eta Mikel Irurzunen aurka: 22-21. Garaipen honi esker, herriko bikote onena, Labakak eta Saralegik osatutakoa izan zen.

Zimiterioko txapelketa, berezia da herrian bertan, baina baita inguruan nahiz eskualdetik kanpo ere. Horren adibide, aurten, Nafarroatik etorritako pilotariek ere jokatu dituzte partidak Zizurkilen. Ostegun gauean, partida ederrak ikusi ahal izan ziren, eta jendeak erantzun bikaina eman zuen, ikuslez lepo bete zelako frontoia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!