Herri lurren aztarnen bila

Jon Miranda Labaien 2018ko uzt. 20a, 08:31
Zizurkilen EHUko ikerketa taldeak egin duen indusketan jasotako irudi bat. JOSU NARBARTE

Herri lurretatik pribatuetara igarotzeko prozesua aztertzen ari dira EHUn. Egindako azterketek erakusten dute "baserri modernoek" herri lurren tokia hartu dutela.

Euskal Herriko historia soziala eta ekonomikoa ezin daitezke ulertu herri lurren kontzeptuak izan duen garrantzia kontuan hartu gabe. Aro Modernoan mendiak etxez eta zereal sailez betetzearekin batera etorri zen herri lurren gainbehera, eta, Josu Narbarte Hernandez (Irun, 1992) EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalei buruzko ikerketa taldeko kidearen ustez, "neurri berean" galdu ziren "jabetza kolektiboa, komunitateen erabakimena eta, neurri batean, baita ingurumenaren ustiapen jasangarriagoa ere".

Landa paisaiaren eraikuntza historikoa aztertzeko, Nekazal esparruak Gipuzkoan tesia prestatzen ari da Narbarte, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, Aizarnan, Zizurkilen eta Alkizan gauzatzen ari da ikerketaren zati bat. "Edozein herritako artxiboetan ikusiko dugu Erdi Aroaren bukaeraz geroztik herri lurrena dela herri horien instituzionalizazio politikoaren elementu garrantzitsuenetakoa". Erdi Aroaren amaieran, etxea zen oinarrizko subjektu politikoa, auzotasuna ematen zuena, eta haren bidez sartzen ziren norbanakoak komunitatean; etxejabe horiek osatzen zuten, gero, kontzejua, eta erakunde horrek zuen lurralde horretan bizi ziren pertsonen bizi moldea arautzeko eskumena, eta baita herri lurrak kudeatu eta antolatzekoa ere.

"Jabetza pribaturik ez zuten lurrak ziren herri lurrak; oro har, baso eta mendialdeetan kokatuta zeudenak, eta auzotasun eskubidea zuten bizilagunei zegokien haien kudeaketa eta aprobetxamendua", nabarmendu du Narbartek. Landa eremuko ekonomian herri lurrek zeukaten garrantzia ere azpimarratu du: "Baliabide osagarriak eskaintzen zituzten nekazaritzarako, oinarri ekonomikoa osatzen zuen sektorerako. Abereentzako bazkalekuak, egurra, iratzea eta otea bezalakoak; gaztaina eta antzeko fruituak...".

Gainbeheraren hasiera

Gaur egun, herri lur gutxi mantentzen da Gipuzkoan. Oiartzunen, esate baterako, oraindik esku publikoetan mantentzen dute Aiako Harriaren zati handi bat, eta Alkizan ere herriarena da Hernio magaleko lurren jabetza. "Erdi Aroaren bukaeran, jarduera eta ustiapen eredu jakin batzuetarako gordetako espazioak azalduz joan ziren herri lur horietan, gero eta araudi zehatzagoekin. Kasu interesgarria da saroiena. Herri lurren barruan indibidualizatutako sailak ziren saroiak, zirkulu edo lauki itxurakoak, eta mugarriz inguratutakoak". Garai hartako ordenantza eta arauetan maiz agertzen ziren saroietan etxebizitza egonkorrak eraikitzeko eta lurrak lantzeko debekuak.

Narbartek Zizurkilgo artxiboan jaso du auzi horietako bat, 1533. urtekoa: "Kontzejuaren eta Martin Ruiz San Millango ahaide nagusiaren artekoa da. Azken hori baserri berri bat eraikitzen ari zen Eskeltzuko saroian, eta kontra azaldu zitzaion herria". Kasu horretan, herriaren aldekoa izan zen epaia, baina, oro har, joera orokorra kontrakoa zela azpimarratu du Narbartek. Prozesu horretan, etxebizitza egonkor bilakatuz joan ziren saroietako bordak, lurrak banatu eta maizter bati errentan utziz.

"Aurretik herri lurren bidez asetzen ziren zenbait beharri erantzuteko, produkzio prozesu gehiago metatzen hasi ziren, lurrak gero eta modu intentsiboagoan landuz". XVI. eta, batez ere, XVII. mendetik aurrera orokortu zen Ameriketako labore berrien sarrera, eta lehenagotik zetorren dinamikan sakontzeko baliabide ezin hobea izan zen hura.

Jabetza egitura gero eta polarizatuagoa agertuz joan zen Aro Modernoan, EHUko ikerlariaren ustez "desberdintasun sozial handien iturburu". Zenbait ikerlarik latifundio sakabanatu gisa definitu dituzte jabetza horiek. "Baserriaren jabe ziren nagusi aberatsak zeuden, alde batetik, eta nekazaritza klase prekarioa, bestetik; horiek baserri batetik bestera emigratuz ibili behar izaten zuten sarri".

Tokian tokiko indusketak

Landa eremuko paisaiak eta bertan azaltzen diren elementuen bilakaera historikoa aztertzen ari da Narbarte, ikuspegi ekonomikoa, soziala eta ingurumena kontuan hartuta. "Horretarako, herrietako artxibo historikoak aztertzen ditugu lehenik, eta toponimia aldetik edo lurralde antolaketa aldetik elementu jakin batzuk nabarmentzen ditugu bertan". Horiei tiraka lursailetan "behaketa zuzena" egiten dutela gaineratu du ikerlariak. "Eta ahozko historia ere jasotzen dugu, espazio horiek duten sinbolismoa aztertu eta bertan bizi diren pertsonen artean lurralde horrekiko zein memoria gorde den aztertzeko".

Berrikuntza gisa, lur laginak hartzen dituzte nekazaritza soro horietako batzuetan, eta arkeologia lanak egiten dituzte gero, lur erregistroetan bilakaera historikoak zein motatako arrastoak utzi dituen ikusteko. Horrela egin dute Aizarnan, eta Zizurkilen eta Alkizan ere langintza horretan ariko dira urtea amaitu bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!