Zizurkilgo Udalak ez du saihesbide berriaren inguruko konpromisorik lortu Foru Aldundian

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 14a, 11:30

Uztailaren 10ean udalbatza osatzen zuten hiru alderdietako kideak izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako zuzendari nagusiarekin, eta Joxemari Luengo alkateak "etsigarritzat" jo du bilera. Udalbatzak bere garaian egindako eskaerari Aldundiak ezezkoa eman diola ondorioztatu dute udal ordezkariek.

2017ko abenduan Zizurkilgo Udalak mozioa onartu zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zion, saihesbidearen proiektuari berriro heltzeko, eta legealdi honetan hasi ezin bazen, behintzat, bide orri bat markatzeko. Udalak jakinarazi duenez, Foru Aldundiko Bide Azpiegituren zuzendariak, "proiektua garestiegia dela eta ez dela bideragarria" adierazi zien uztaila hasierako bileran.

2010ean Foru Aldundiak berak onartu zuen saihesbide proiektua (21 milioi eurokoa), baina orain, "garesti" irizten dio. Aurreko proiektuak baino tunel gutxiago dituen, eta oro har, merkeagoa den beste ibilbide bat aztertzeko aukera mahai gainean jarri du Foru Aldundiak, baina Zizurkilgo ordezkarien esanetan, "ez du eskaintza edo proiektu berririk zehaztuta".

Zizurkilgo Udalak prozesu bat abiatuko du orain Foru Aldundiarekin, saihesbidearen proiektu berria lantzeko, baina Joxemari Luengo alkateak, "etsigarritzat" jo du uztailaren 10ean egindako bilera eta udalbatzak iazko urte bukaeran egindako eskaerari Aldundiak "ezezkoa" eman diola ondorioztatu du. "Epeak edo bide horri bat zehazteko eskatzen genion foru ordezkariari, baina ez da konpromisorik lortu".

Bileran, azken neurketen berri eman zioten udal ordezkariek Foru Aldundiko ordezkariari, 10.000 ibilgailutik gora pasatzen baita Zizurkil erditik; "arriskua, kutsadura eta zarata nabarmenak dira". Herritarren artean abian jarri den ekimenaren eta haserrearen berri eman zioten foru zuzendariari eta egungo errepidea ere aztergai izan zuten bileran. Aduna eta Zizurkil lotzen dituen errepidea lehenbailehen konpontzeko eskera egin zuen Luengok, egoera "onartezinean" dagoelako.

Zizurkilgo udal ordezkariek jakinarazi dutenez, Uribetxeberriak jakinarazi zien, Deskargako autobidea dela orain Foru Aldundiaren lehentasuna eta ondoren beste bi proiektu dituztela egin beharrekoen artea: Deba eta Mutriku artekoa, eta Urretxu eta Azkoitia artekoa. "Azken hori, Zizurkilgo saihesbidea baina askoz garestiagoa da", Zizurkilgo ordezkarien esanetan.

Sinadura bilketa

Guraso talde batek martxan jarrita, sinadura bilketa abian da azken asteetan saihesbidea eskatzeko. Zizurkilgo Iriarten, Egarrin, Atxulondo kultur etxean eta Saski kafetegian eman daiteke izena.

Herritarrek egindako aldarria bere egin dute udal ordezkariek: "Zizurkilek ezin du hamarkadak itxaroten jarraitu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!