Artista gazteei eman nahi diete aukera Plazida Otañon

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 9a, 12:28

Aiztondoko liburutegiko erakusketa gunean erakutsi nahi duten artistentzako oinarriak argitaratu ditu Zizurkilgo kultura sailak

Zizurkilgo Udaleko kultura sailak kudeatzen du Plazida Otañoko erakusketa gunea eta areto horretako erakusketak programatzerako orduan, artista gazteak sustatu nahi ditu. Horretarako, 2018-2019 ikasturterako deialdia luzatu du. Jasotako eskaeren artean sei proposamen hautatuko dira.

Arlo artiskikoko erakusketak egiteko eskaera adin nagusiko edozein artistak egin dezake. Bereziki, artista gazteei beraien lana azaltzeko aukera eman nahi zaie, eta beraz, interesdunek egin ahi duten erakusketa artistikoaren banakako edo taldekako proposamen bat aurkeztu beharko dute. Aukeraketa eta plangintza garaiz egin ahal izateko, erakusketa proiektuak irailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira Zizurkilgo udal bulegoetan.

Erakusteko baldintzak

Plazida Otañoko erakusketa guneak 23 metro inguru luze den erakusketa-horma du eta obrak zintzilikatzeko errailak dauzka. Jendearentzat irekita egoten da astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Larunbatean 09:30etik 13:30era ere zabaltzen dute.

Batzorde batek egingo du hautaketa, kultura saileko ordezkari eta errealitate artistikoa ezagutzen duten pertsonen artean osatutakoak. Aipatu dutenez, arraza, sexu, erlijio edo beste arrazoiengatik edozein bereizkeria era sustatzen duten edukiak dituzten proiektu guztiak eta pertsonaren funtsezko eskubideen aurka doazenak, hautaketatik kanpora geratuko dira.

Posta arruntez edo mezu elektroniko bidez aurkeztu beharko da dokumentazioa, eta besteak beste, proiektuaren titulua, justifikazioa (argumentua eta diskurtsoa), erakusketa osatzen duten piezen zerrenda eta deskribapena eta gutxienez bost obra aurkeztu beharko dira, behar bezala katalogatuta.

Ondoren, hautatuko artistak arduratuko dira erakusketa muntatu eta desmuntatzeaz eta piezen garraioaz. Erakusketaren inaugurazioan era aktiboan parte hartu eta herritarrei zuzendutako tailer bat ere eskaini beharko du hautatutako artistak. Zizurkilgo kultura saila arduratuko da, bere aldetik, komunikazioaz eta erakusketa zaintzeaz, eta gainera, obra garraiatzeagatik 150 euroko ordainsaria emango du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!