ataria.eus

«Aktorea eszenan dagoenetik, haren gorputza errealitate bat da»

kultura  Zizurkil

Lizarraga arte eszenikoen inguruan aritzen da lanean: antzerkian aktore gisa, eta zirkuan trapezio gainera igota. Gorputzaren eta espazioaren arteko harremana interesatzen zaio; zirkua, dantza eta interpretazioa nahasten dituen lengoaiaren bila dabil.

Umetan, ekilibrista izatearekin egiten zuen amets Iraitz Lizarragak (Zizurkil, 1979). Astronauta izango zela erabaki zuen geroago; eta gaur egun bietatik zerbait baduela aitortu du. «Etengabe galaxia ezezagunak ikertzen ari den akrobata eroa naiz».

Nondik datorkizu antzerkirako zaletasuna?
Pedro Mari Otaño eskolan eduki nuen lehen kontaktua antzerkiarekin. Gustua hartu nion, eta geroago taldetxo bat sortu genuen herrian antolatu zuten tailer baten ondotik. Gero, hainbat antzerki tailerretan eman nuen izena Gasteizen Historia ikasketak egin nituen bitartean. Ikasketak bukatuta, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean izena ematea erabaki nuen, zerbait serioagoa egiteko asmoz. Pikor konpainian lana lortu nuen gero, eta berehala telebistan hasi nintzen lanean, Triki traka trikitron saioan. Institut del Teatrera jo nuen ondoren, Bartzelonara, doktoretza egitera.

Gorputz adierazpena izan da, hain zuzen, zure arretagunea.
Bai. Doktoretzaren ondoren, horren inguruko tesia egin nuen Bartzelonan: Análisis comparativo de la gramática corporal de Étienne Decroux y Rudolf Laban. Bi autoreak, hurrenez hurren, mimoaren eta dantza garaikidearen sortzaileak izan ziren, eta bi lengoaia adierazgarri horiek aztertu nituen elkarrekin alderatzeko. Antzerki antropologia hartu nuen marko gisa, non munduko hainbat antzerki tradizio hartzen diren kontuan eta komunean dituzten elementuak alderatzen diren. Beraz, oreka, gorputzaren geometrizazioa eta beste hainbat elementu aztertu nituen bi autore horiek landutako proposamenetan.

Aldi berean, gorputz adierazpena lantzeko beste hainbat ikastaro ere egin zenituen Bartzelonan, ezta?
Bai, garaitsu horretan mimo garaikidea ikasi nuen Moveo eskolan, eta Rogelio Rivel eskolan ere aritu nintzen. Iruditzen zait gauza hauek ez direla ondo ulertzen praktikara eraman gabe eta norberaren gorputzetik pasatu gabe. Ariketak nire barrura eramateak lagundu egiten dit iritzia sortzen.

Gainerakoan, ba al duzu joerarik ariketa fisikoa egiteko?
Bai. Korrika egin, igeri, bizikletan ibili, eskalatu, mendia... Denetik egitea gustatzen zait; oso aktiboa naiz. Ondorioz, arreta handiagoa ematen dit gorputzetik abiatzen den antzerkiak testutik abiatzen denak baino. Uste dut aktorea eszenan dagoenetik haren gorputza errealitate bat dela , eta, aldi berean, darabilen erreminta nagusia. Oso erakargarria egiten zait gorputzaren plastikotasuna.

Nola definituko zenuke zeure burua, aktore edo akrobata?
Aktore moduan, akrobazia pixka bat dakien aktore moduan. Aktore ibilbideari ekin ondoren, akrobazia osagarri gisa etorri zen, dezente geroago. Ikastaroak egin beharreko sukar horretan, Sebastopol eskolan Maider Yabarrek eman zuen ikastaro batean eman nuen izena, eta lotu egin ninduen. Uda hartan, opor luze batzuk egin nituen Argentinan, eta hiru hilabetez formakuntza jaso nuen trapezioan. Bartzelonara itzulita, Rogelio Rivel eskolan segitu nuen, trapezioan gehienbat, nahiz eta sokekin ere probatu nuen. Aktore lanaren osagarri gisa hasi nintzen akrobaziekin; gorputza martxan edukitzeko modu ona iruditzen zitzaidan, eta orain, Asvinenean, aukera dudan guztietan entrenatzen dut. Aire akrobaziatzat hartzen diren diziplina guztiak landu daitezke Adunan daukagun laborategian: oihalak, trapezioa, uztarriak, sokak, kable gainekoak, lurreko akrobaziak, eskujokoak... oso esparru zabala da. Niri soka eta trapezioa gustatzen zaizkit gehien.

Euskaldunak oso zurrunak garela esaten dute askotan. Ados al zaude?
Nahiko ados, bai. Horretara jarriz gero; badakigu mugitzen, jakina baietz. Baina zurrunak izateko jarrera izan dugu tradizioz; euskal dantzak ikusi besterik ez dago. Europa osoko joera dela esan daiteke, oso lineala, burutik datorrena. Dantza afrikarrak, adibidez, erraiei lotuagoak dira, tripari eta lurrari lotuagoak. Hemen, asko jota, burua eta bularra mugitzen ditugu, eta horrek zurruntasun sentsazioa dakar berekin. Gaitasuna
badugu, baina landu beharra dago.

Zirkuari buruzko azterketa ere egina duzu, genero ikuspegitik.
Bai, Festak, genero-harremanak eta feminismoaMiren Guilló Arakistainek koordinatutako liburuan genero ikuspegitik kapitulu bat eskaini nion zirkuaren eta gorputzaren azterketari. Errealitate hori emakume naizen heinean bizi izan dut; askorik obsesionatu gabe, baina gai hori beti eduki izan dut presente; lan publikoa egiten dugun emakumeok badugu horrelakoak planteatzeko ardura. Berdintasunaren bidean oraindik ere badugu lana egiteko.

Orain, trapezista gisa ari zara lanean Gure Zirkuan, eta hasi berria duzue bira. Nolako egitasmoa da?
Poztekoa. Hemen, Euskal Herrian, zirkuak ez du izan tradizio handirik; orain arte ez, behintzat. Gaur egun, jende dezente dabil mundu horretan murgilduta, eta egin berri dugu Euskal Herriko Zirku Federazioa sortzeko lehen bilera. Aspalditik ezagutzen dut Iker Galartza. Haren alabak trapezioa ikasi nahi zuela esan zidan, eta ea klaseak emango nizkion. Orduan eman zidan bere asmoen berri. Ni konturatzerako, karpa erosia zeukan, eta Tolosako zezen plazan muntatuta. Hasieran ez nengoen oso konbentzituta, baina niretzat oso erakargarria da herri txikietara joatea eta inolako asmo berezirik gabe gertuko eta etxeko zirku bat egitea. Uste dut trebetasun eta ilusio handiarekin egindako ikuskizunak ematen ditugula Gure Zirkuan; kalitate handikoak, gainera.

Urduritasunik izaten al duzu oholtzara igo aurretik?
Urteen poderioz asko ikasi dut eromen momentu horietan lasai egoten. Lasaia naiz berez. Beti komeni izaten da nerbio pixka bat, baino gaizki pasatu gabe. Akrobaziekin urduriago jartzen naiz, oso teknikoa eta zenbaitetan arriskutsua ere badelako. Arreta gehiago eskatzen du horrek. Zorionez, inoiz ez dut izan erorikorik, baina lesioak bai.

Akrobatek zenbateraino behartzen duzue gorputza?
Maiz izaten ditugu lesioak entrenamendua azkar egiteagatik edo luze aritzeagatik. Mina beti izaten dugu presente. Naturalak ez diren gauzak egiten ditugu, aitortzen dut, baina uste dut gauza asko adierazten direla gorputza mugaraino eramanda, behartuta. Sanoa den horretatik pixka bat harago joaten gara. Egun guztia horretarako edukiko bagenu, ondo berotu, luzaketak ondo egin eta ondo prestatzeko, gorputza ez genuke hainbeste behartuko. Baina denbora behar izaten da horretarako, eta, askotan, guk lan bat baino gehiago egin behar izaten dugu aldi berean. Korrika eta presaka ibiltzen gara batetik bestera.

Askotariko lanak egin izan dituzu antzerkian, telebistan eta ipuin kontalari gisa. Zer baldintzatan zaudete aktoreok?
Oso txikia da Euskal Herria, eta aktore batzuek, daukaten talentuagatik edo garai egokian azaldu direlako, lortu dute tokitxo bat euskal eszenaren munduan. Baina beste asko ere, hain ezagunak izan gabe, antzerkitik bizi dira, eta oso langileak dira. Aktore horien egunerokoa iraupen lasterketa baten modukoa da; oso konstanteak eta saiatuak dira. Talde amateur batzuek izugarrizko kalitatea daukate, eta nik meritu izugarria aitortzen diet horiei, beste lanekin tartekatu behar izaten baitute antzerki jarduna. Ez da erraza. Etsi gabe saiatu beharra dago, eta denetik egin behar izaten da ofizio honetan. Nik ipuin kontalari gisa lan handia egin dut haurrentzat, adibidez.

Irakasle lana ere egokitu izan zaizu behin baino gehiagotan...
Toki askotan eman izan ditut antzerki klaseak. Azken aldian, antzerki klaseak eman ditut Zizurkilen, eta zirku eskolak Ataunen. Haurrekin aritzen naiz gehienbat, baina helduentzako talderen bat sortzea gustatuko litzaidake. Kosta egiten da, ordea. Gaur egun, garapen psikomotoreko klaseak ere ematen ditut EHUn, Irakasle Eskolan, Gasteizen.

Oholtzaren beste aldea ezagutzea ere tokatu zaizu; besteak beste, Zizurkilen egin diren bi herri antzerkietan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Kosta egiten zait eszenatik kanpo egotea; nahiago dut goian egon, baina, egia esan, oso gustura aritu naiz gero, eta Zizurkili asko eskertzen diot aukera hori eman izana. Herriaren 400. urteurrena gogoratzeko herri antzerkia egin genuen aurrena, eta Erdi Aroan girotutako azoka iaz. Aberasgarria izan da hainbesteko taldea mugiaraztea eta koordinatzea. Aurretik pentsatzen nuen ez nintzela gai izango, baina, alderantziz, plazera izan da. Mugarria izan da niretzat; opari bat. Aktoreez gain, herri oso bat mugitu da herri antzerkietan; atrezzoa egiteko, jantziak prestatzeko...

Zizurkil herri antzerkizalea dela iruditzen al zaizu?
Ez nuke esango hainbesterako denik, baina harrituta geratu naiz antzerki proposamenak izan diren bakoitzean herriak zeinen ondo erantzun duen. Antzerkia egiteko eta ikusteko gogoz dago jendea. Kontua ez da eskaintza falta; formularekin asmatzea da zaila, gaur egun bestelakoak baitira jendearen ohiturak eta interesak. Kosta egiten zaigu dinamika horietatik ateratzea, gehienetan alferkeriagatik. Gero, ordea, probatutakoan, jendeari ikaragarri gustatzen zaio antzerkia.

Gizartean, oro har, baloratzen al dira arte eszenikoak?
Falta da oraindik. Arte eszenikoak ikasten dituen pertsona bat ez dute baloratuko ingeniari bat adina. Tamalez, kultura aisialdiko ekintzatzat hartzen da. Aitzitik, gure egunerokoan dago, eta, pertsona gisa, herri gisa, gure nortasuna eraikitzen laguntzen du. Ez da denbora-pasa soila. Beti esaten dut pribilegioa dela Asvinenea bezalako arte eszenikoen laborategi bat horren gertu egotea. Nahi dudanean joan naiteke, nik nahi dudana egiteko espazio bat da, toki paregabea da entrenatzeko eta ekintzak antolatzeko... Difusioa falta zaio, akaso, baina indartzen ari da pixkanaka, eta horrek poza ematen dit.

Arte eszenikoen munduan zer asmo dituzu etorkizunerako?
Gure Zirkuarekin bira abiatu dugu orain. Ortzmuga taldearekin ere banabil lanean, kale antzerki batean, eta Txalo taldean ere ari naiz umeentzako beste saio batekin. Lanez lepo datorkit uda. Aurrera begira, gustatuko litzaidake nik lantzen ditudan arlo horiek guztiak bilduko lituzkeen ikuskizun bat martxan jartzea. Lengoaia baten bila ari naiz, eta, berandu baino lehen, emanaldi batean gorpuztuko da hori guztia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa