Igor Esnaolak azkar eta txukun irabazi du Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 24a, 20:30

Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa jokatu da arratsaldean Zizurkil Goian. 11 segalari aritu dira lehian. Horietatik bost Tolosaldekoak, baina inor ez da sailkatu finalerako.

100 metro karratuko belar saila moztu behar zuen segalari bakoitzak. Azkarren eta txukunen egiten zuten lehen laurek finalerako txartela lortzen zuten. Finalean, beste horrenbesteko lana egitea tokatzen zitzaien.

Lanean hasten lehenak Jon Otegi (Oiartzun), Mikel Lizartza (Tolosa) eta Iban Pardo (Zestoa) izan dira. Penalizazioak barne, azkar mozteaz gain modalitate honetan txukun egin behar baita segan, ia hiru minuturen bueltan geratu dira hirurak.

Bigarren multzoan ondorengo lau segalariak aritu dira: Jexuxmari Ormaetxea 'Urki' (Orendain-Alegia), Suharri Irazustabarrena (Astigarraga), Julen Gabirondo (Urnieta) eta Iñigo Mercader (Hernani). Lehia oso polita egon da, eta Gabirondok, Irazustabarrenak eta Mercaderrek nahiko parean amaitu dute: 2.13, 2.33 eta 2.41 izan dira euren azken denborak hurrenez hurren. 

Hirugarren eta azken multzoan eskualdeko hiru segalari zeuden, Igor Esnaolarekin (Legorreta) batera: Jokin Etxeberria (Amasa-Bedaio), Joakin Garmendia (Anoeta) eta Peio Argaia (Zizurkil). Legorretarra nagusi izan da, 2.17ko denborarekin. Peio Argaia izan da bigarrena. Etxeko segalariak 2.44ko denbora markatu du, 1,5eko penalizazioa barne. Beraz, hiru segundogatik ez da finalera pasa Argaia.

Aipatu, Andoni Goikoetxea gazteluarra Zizurkilen egotekoa zela, baina lanagatik ezin izan du txapelketa jokatu. Bestalde, nesken txapelketa ez da egin, gutxienez hiru segalari behar direlako eta bi besterik ez zeudelako: Alatzne Etxaburua zizurkildarra eta Alaitz Imaz hernialdetarra.

Finala
Finaleko denbora aurreko denborari gehitu behar zitzaionez, txapela bi segalariren artean zegoela aurreikusten zen: Julen Gabirondo (2.13) eta Igor Esnaola (2.17). Lehen saioan, urnietarrak 10 segundoko penalizazioa izan du, legorretarrak 5 segundokoa bakarrik. Biak oso txukun aritu dira segan lehen saio horretan.

Finalean, ordea, gauzak estu zeuden eta amaiera ikusgarri batean biek batera altxa dute amaieran eskua. Julen Gabirondo aurretik, 2 minutu eta 5 segundo; Igor Esnaola ondoren, baina honek ere 2 minutu eta 5 segundo. Penalizazioek erabaki dute txapela, eta hor, Esnaola izan da txukunena. 5 segundoko zigorra jaso du finalean legorretarrak; 25ekoa urnietarrak.

 

Azken sailkapena

1. Igor Esnaola 4.27

2. Julen Gabirondo 4.43

3. Iñigo Mercader 5.29

4. Suharri Irazustabarrena 5.48

5. Peio Argaia 2.44

6. Mikel Lizartza 2.48

7. Jon Otegi 2.56

8. Iban Pardo 3.01

9. Jokin Etxeberria 3.11

10. Jexuxmari Ormaetxea 'Urki' 3.14

11. Joakin Garmendia 6.30

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!