Jose Antonio Vicuña 'Kibu' zizurkildarra, Lituaniara

Mikel Iraola 2018ko eka. 19a, 12:42
Argazkiak: FK Trakai

Lituaniako lehen mailako FK Trakai taldeko entrenatzaile izango da zizurkildarra. Gaur bertan egingo du debuta, Stumbrasen aurkako partidan.

Urte luzez Polonian izan da Kibu, Legia Varsoviarekin lehenengo, eta Lech Poznanekin ondoren. Tartean Osasunako bigarren entrenatzaile ere izan zen, denbora labur batez. Orain, Lituaniako FK Trakai taldearen ardura hartu du, Oleg Vasilenko ordezkatuz.

Denboraldi bete-betean da Trakai, izan ere, eguraldiagatik liga otsailetik azarora bitarte jokatzen dute han. Zortzi taldek jokatzen dute liga, eta elkarren aurkako lau neurketa jokatu ostean, lehenengo sei sailkatuek liga irabazteko ligaxka jokatzen dute.

Une honetan, eta 18 neurketa jokatu ostean, sailkapeneko hirugarren postuan da Trakai, seina neurketa irabazi, berdindu eta galduta. Balantze kaxkarra dela iritzi dio zuzendaritzak, eta entrenatzailez aldatzea erabaki dute. Duela bi aste bildu ziren Kiburekin, eta adostasunera iritsi ziren.

Kibuk gaur bertan egingo du debuta, 17:00etan, Stumbrasen aurka. Larunbatean, berriz, Süduvaren aurka jokatu beharko dute Kopako final zortzirenetan. Hilaren 28an, berriz, Europa League txapelketako sailkapen faseko joaneko neurketa jokatuko dute Galesko Cefn Druids taldearen aurka. Ez du lan makala, beraz.

Dena den, ilusioz hartu du kargu berria Zizurkilgo prestatzaileak: «Lan asko dugu egiteko, baina lehentasuna jokalarien konfiantza berreskuratzea eta erasoko jokoa hobetzea izango da. Aukera gutxi sortzen ditu taldeak, eta hori ez dut gustuko. Psikologikoki uste dut jokalariek sinetsi behar dutela hobeagoak direla, eta orain arte irabazi dutena baino gehiago irabazteko gai direla».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!