Adineko pertsonen osasunak herrian eragiten duelako

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 18a, 15:01

Maite Amenabar, Juan Antonio Gonzalez eta Trinidad Altimasberez.

Zizurkilgo Udalak eta Elizpe elkarteak Pausoka, adinak ez du inporta ekimena abiarazi dute; hiru txango antolatu dituzte.

Pertsona helduak oinez ibiltzera animatzeko helburuz, Pausoka, adinak ez du inporta ekimena abiarazi dute Zizurkilgo Udalak eta Elizpe Jubilatu Elkarteak, elkarlanean. «Denok dakigu edozein adinetan ariketa egitea osasungarria dela, baina adin batetik aurrera garrantzia berezia du, gorputzari sasoiko eusteko», esan du aurkezpenean Maite Amenabar alkateordeak.

Hori dela eta iraila bitarte hiru txango antolatu dituzte eta izen ematea ireki dute jada. «Zenbat parte hartzaile izango garen jakiteko zerrenda bat jarri dugu Elizpen bertan», azaldu du elkarteko Trinidad Altimasberez Borja lehendakariak.

Lehena etzi
Txangoak etzi, uztailaren 8an eta irailaren 12an izango dira. 10:30ean elkartuko dira elkartean bertan eta bueltatzerakoan, 12:00ak inguruan, hamaiketakoa egingo dute plazan. «Hiru ibilbide aukeratu ditugu mundu guztiak parte hartu ahal izateko. Motzena Burrusti baserrirainokoa da, erdikoa Martxetaundi baserriraino iritsiko da eta luzeenean Asteasuraino iritsiko gara», esan du elkarteko diruzainak, Juan Antonio Gonzalezek. Ibilbideak bidegorritik egingo dituzte. «Gure asmoa erretirodunak bidegorritik paseatzera animatzea da. Adinak ez duela inporta adierazi nahi diegu eta guztiak direla gai gurekin batera paseatzera ateratzeko», nabarmendu du.

Bai Elizpek eta baita udalak ere Zizurkilgo eta inguruko herrietako adinako pertsona guztiak animatu nahi dituzte ekimenean parte hartzera, «giro ederrean, elkarri animatuz, oinez ibiliz gozatzera lortu nahi dugu», esan du Altimasberezek.

Bukatzeko alkateordeak adinekoak «aktibo eta osasuntsu» egotea oso garrantzitsua dela esan du; «oinez ibiltzeak gorputza ez ezik aldartea ere egoera onean izaten laguntzen du. Zizurkilen adineko osasuntsu eta zoriontsuak izatea eurentzat ez ezik herri osoarentzat da mesedegarria, eta horretan laguntzeko ahalegina egiten jarraituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!