Jon Tecedorri omenaldia: pultsularia, baina batez ere, pertsona omenduko dute

Asier Imaz 2018ko eka. 15a, 11:40

Jon Tecedorren heriotzaren 10. urteurrenean Danok Danena Halterofilia Taldeak omenaldia antolatu du Zizurkil Goian, bihar.

Danok Danena Halterofilia Taldeak kirol jaialdi handi bezain hunkigarria antolatu du, bihar, Zizurkil Goiko pilotalekuan. Jon Tecedor zena omenduko dute, bere heriotzaren 10. urteurrenean. «Kirolari bezala bere ibilbidea oso garrantzitsua da, baina garrantzitsuena guretzat pertsona bezala nolakoa zen da», dio Batis Kortajarena halterofilia entrenatzaileak.

Kirola eta pertsona izango dira omenaldiaren ardatzak.

10:30ean, master mailako pultsulariak hasiko dira lanean. Tartean, munduko txapeldunak edo Jon Tecedor bezala olinpiar jokoetan izandakoak. Guztira 16 pultsulari ariko dira lehian bi txandetan. Bigarren saiokoak 11:30ean hasiko dira. «Punta-puntako pultsulariak dira asko eta Kataluniatik ere etorriko dira. Kirol maila oso altua izango da Zizurkilen. Pultsulari gehienak, hala ere, Gipuzkoa eta Bizkaitik etorriko dira; bere adinekoak, bera ezagutzen zutenak», azaldu dute halterofilia ikuskizunaren aurrean Danok Danenakoek. Batis Kortajarenaren esanetan, «ezin da maila hobeagoko pultsularirik elkartu; ikuskizun handia eskainiko dute».

Beteranoez gain bi gaztetxok ere erakustaldia eskainiko dute: Jon Kepa Kortajarenak eta Bruno Sotok.

Txapelketa ondoren omenaldia

Kirol ikuskizuna amaitu ondoren, 13:00etan, «omenaldi xumea» egingo diote Jon Tecedorri. «Ezustekoak izango ditu omenaldiak. Inguruko lagun, ezagun eta taldekoen artean antolatu dugu, eta denok jarri nahi izan dugu zerbait. Polita izango da, gordeta dugun hori egunean erakutsiko dugulako», esan dute Danok Danenako kideek.

Batis Kortajarenak bere aldetik, aurrez ere omenaldia eginak direla gogoratu du: «Ordukoa ere oso polita izan zen. Jende askok hartu zuen parte. Baina gauza horiek ahaztu egiten direla pentsatzen dugu. 10 urte pasa dira Jon joan zenetik. Denborarekin ez dugu ahaztu nahi. 20 urte pasatzen direnean ni ez banago ere jarraituko dute Jon gogoratzen. Guretzat oso pertsona garrantzitsua izan zelako».

Zizurkil eta Villabonako halterofilia taldea Jon Tecedorrentzat ere oso garrantzitsua izan zen. Lasartearra izanagatik, Danok Danenan ibili zen pultsulari bezala Tecedor. Eta egun, Zizurkilgo hilerrian dago. «Hori zerbaitengatik da», dio Batis Kortajarenak.

Omenaldiaren ondoren bazkaria egingo dute. Danok Danenatik herritarrak Zizurkilera gonbidatu dituzte, halterofilia erakustaldira eta omenaldira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!