[GUTUNA] OMBU Guraso Elkartearen eskertza

OMBU Guraso Elkartea 2018ko eka. 15a, 10:09

Pasa da beste ikasturte bat... gure haurrak bi urteko gelan sartu ziren egun hura atzean gelditu da dagoeneko. Batzuek azken urtea egin duzue, zorte on ibilbide berrian; besteak hementxe jarraituko dugu.

Ohartu gabe, haurrak urtez urte hazten eta hezten doaz, irakasle zein guraso barku berdinean bidelagun dituztelarik.

OMBUn ere era berri bat astera doa. 4 urte pasa dira zuzendaritza berria sartu ginenetik, ilusioz eta gogoz ekin genion erronka berriari eta gauzak ordu ezkero asko aldatu dira. Guraso guztien eta eskolaren babesa sentitu dugu momenturo eta hori ez dugu inoiz ahaztuko. Orain era berri honetan bi urtez behin erreleboa izango du OMBUk, HH5 eta LH1eko gurasoak gidari izango direlarik. Erabaki honek hasiera batean aztoramendua sortu badu ere, ilusioa gailenduko dela uste dugu eta agerian da beste lan egiteko modu bat sortuko dela gelako senide gehienek parte hartuko dutelarik, guraso guztiek inplikazio maila handituz; ziur esperientzia aberasgarria izango dela.

2018 ekainak 9, eskolako festa. Gaurko eguna polita joan da. Goizean goiz Albertok musika jarri eta auzoan oihartzuna entzutearekin batera etxetik atera gara. Ostiraletik nerbioak pil-pilean zeuden, erraldoi eta buruhandien konpartsakoak eskolan gure herriko erraldoi maitatuak muntatzen ari ziren. Haurrak urduri; zeintzuk izango ote dira buruhandiak? Gure bizilagunak, Otañoko ikasle ohiak, nola ez. Eta goizeko 11etan gure ikasle ohien trikiti doinuak eta maskuriaren kolpearen danbak alaitu dute Pagamuñotik eskolarako bidea.

Irakasleak hor, buru belarri emanaldiko azken ukituak egiten; haurrak gelara igo, azken entsegua eta arropak jantzita eta iritsi zaigu emanaldiaren ordua. Zoragarria benetan! Denoi gustatzen baitzaigu gure seme-alabak pozik eta dantzan ikustea. Irakasleak ere beti bezala maila ematen, ilusioa eta konpromisoa azalduz.

Paella goxoa jan dugu oraingoan ere. Jokulandiakoekin arratsaldea pasa dugu, puzgarri, jolas eta dantzarako pantailaren aurrean gorputza astinduz. Eta konturatzerako iritsi da berriz ere guztia garbitu eta bukaera emateko ordua.

Ezin aipatu gabe utzi festa hau aurrera eramaten modu batera edo bestera lagundu duten guztiak. Herriko tabernak eta merkatariak ere gure ondoan: Urraki, Eroski, Ogi-zuri, Saski, Zizurkil elektrizitatea, Garazi Loradenda, Pasus, Egarri, Joxean Harategia. Eskerrik asko, gurasoak pozik agertu dira zozketan eta apustuan zuek eskainitako opariak jasotzean.

Eskerrik asko guztioi! Gozatu uda eta iraila arte!

Lurdes Gorostegi, OMBU Guraso Elkartearen izenean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!