'Sarajevo: gerra eta bakea' erakusketa Plazida Otañon

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 11a, 16:21

Gervasio Sanchezek egindako argazkiak ikusgai izango dira ekainaren 29ra arte, Aiztondoko liburutegiko erakusketa gelan.

Argazki kazetari independente eta gatazka armatuetan espezializatu gisa, 1984an hasi zuen bere ibilbidea Gervasio Sanchezek. 2009ko Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuen eta 1998az geroztik UNESCOren bakearen berriemaile berezia da.

Bere lanekin osatutako Sarajevo: gerra eta bakea erakusketa ikusgai da Plazida Otaño liburutegian ekainaren 29ra arte. Iaz bete zen mende laurden Balkanetako gatazka hasi zenetik eta Sanchezek aitortu duenez, bonbardaketekin amesten jarraitzen du eta bertako biztanleen aurpegietako beldurra ikusten.

1990ko hamarkadan abiatutako gatazkan, 250.000 bosniar izan ziren erailak edo desagertuak, eta horietako 16.000 adin txikikoak ziren. Sarajevon soilik 1.601 haur hil ziren. Herrialde guztian, aitarik edo amarik gabeko 25.000 adingabe baino gehiago dago.

"Badakit errudun nagusiak nortzuk diren: ehunka mila gizon-emakume erailtzeko eta desagerrarazteko agindua eman zutenak. Sailkapen horretan, halaber, garaiko europar agintari politikoak ere sartzen ditut", nabarmendu du Sanchezek. Bosnia-Herzegovinako gerra, bere lanaren eta bizitza pertsonalaren "zati ukaezina" direla dio eta oroimena eta kontzientzia direla, "ignominiaren eta gezurraren aurrean" geratzen zaion gauza bakarra.

Euskal Fondoaren bitartez antolatutako erakusketa da Aiztondoko liburutegiko erakusketa gelan ikusgai izango dena datozen asteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!