T3T eta T2T mendi lasterketak 2018

«Haurrak izan ez banitu, agian ez nintzateke mendi lasterkaria izango»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko eka. 11a, 21:00

Aitziber Ibarbia lortutako garakurrekin. JOSU ARTUTXA

Anoetako krosean lortutako lehen kopa, Urkamendi elkarteak zortzimilako bat igotzeagatik emandako oroigarria, Livigno Skymarathon probako garaikurra, Zizurkilgo 2014ko Txapel Eguneko txapela eta 2016ko T3T lasterketako argazkia. Guztiak ondo gordeta ditu Aitziber Ibarbiak, mendiari dion mimo berarekin. Orain, ordea, kamerari eta etorriko denari errespetu handiagoa dio.

Erakargarria da mendiak berarekin dakarren guztia, eta erakarpen horretatik abiatuta hasi zen Jon Maia Non geratzen den denbora kantu ezaguna idazten. Agian, erakargarritasun bera sentitu ohi du Aitziber Ibarbia Beloki (Zizurkil, 1977) lasterkariak. Berak, zortzimilako mendi bat igo zuela esan dezake. Lehenago, arkitektura ikasketak burutu zituen, eta gaur egun, akademia batean aritzen da irakasle bezala. Gainera, bi umeren ama da eta mendian lasterka aritzen da, baita euskal selekzioarekin ere. Azken hilabeteetan, Euskal Telebistako Gailurra Xtreme saioan kamerari bezala aritu da lanean. Beharbada, berak ere galdetzen dio bere buruari ea non geratzen zaion denbora.

Ikasketaz arkitektoa, eta ofizioz irakaslea. Baina, begiak beti mendian jarriak.

Hala da, bai. Zorte handia dut, lanbide honetan arratsaldez egiten dudalako lan, ikasle gaztetxoei klase partikularrak eskaintzen. Hortaz, goizak libre izaten ditut, umeak eskolan utzi ondoren, entrenatzera joateko. Bestela ezinezkoa litzake egiten dudana egitea.

30 urte ingururekin hasi zinen lasterketetan. Berandu agian?

Emaitza onak eta nire errendimenduaren %100a lortzeko, ziurrenik bai. Urteek gora egin ahala, daukadan maila mantentzea kostako zaidala nabaritzen dut, eta agian, lehenago hasiz gero, posible izango nuen errendimendu maila horretara iristea. Baina, ez naiz damutzen 30 urterekin hasteaz. Eguneroko errutina horretatik ateratzeko ihesbide moduan izan dut kirola, eta hori, ez nuke aldatuko. Geroz eta gehiago gozatzen dudalakoan nago.

Eta zerk bultzatu zintuen korrika egitera? Zer motatako korrikalaria zaren esatera ausartuko zinateke?

Korrika bederatzi urterekin hasi nintzen, Danena Atletismo Eskolan, eta 15 urterekin, triatloia probatzeko aukera izan nuen, Amasako mutil baten bitartez. Orduan, kirola oso gustuko nuela ohartu nintzen. Hala ere, unibertsitatera jauzi egitearekin batera, alde batera utzi behar izan nuen. 23 urte nituela, alpinismoari ekin nion, eta gailur gogoangarriak (tartean, Grashenburg II) igotzea lortu nuen. Gero, 30 urte betetzearekin batera, urte eta erdiko tartean, bi haur izan nituen, eta lasterketetan aritzeko helburua ezarri nion neure buruari, serioago halere, nire buruarengan sinistarazteko. Esaten didatenez, korrikalari gogorra naiz, mendian errepidean baino gusturago aritzen dena, eta distantzia luzeetara motzetara baino egokiago moldatzen dena. Gainera, desnibel handiak gogoko ditut, zenbat eta aldapa gogorragoak, orduan eta hobeto.

Azken 10 urtetan ia 60 lasterketa ingurutan parte hartu duzu, horietako gehienak mendian. Nahikoak izan dira ala gehiago egitearen arantza duzu oraindik?

Ez diot inoiz egindako lasterketa kopuruari begiratzen, ezta lortu ditzakedan txapel kopuruari ere. Garrantzi handirik eman gabe, urte batzuetan 20 probatan aritu naiz, eta besteetan 10 egin izan ditut, eta agian, urte horretan gusturago sentitu izan naiz. Hasieran, nire kabuz egiten nituen lasterketa ia denak, eta orduan gehiago egiten nituen. Aldiz, 2014az geroztik, proba finko batzuetara besterik ez naiz joaten, horrela aritzea nahiago dudalako. Esaterako, munduko koparako prestakuntza bidean ondo datozen lasterketak hobeto prestatzen ditut.

Orain arte zein lasterketatan sufritu duzu gehien?

Gogoan dut gorputza nire ahalmenen mugaraino eraman nueneko Italiako Livigno Skymarathon lasterketa. Oso postu onean nindoan, eta noski, horrelakoetan ez duzu nahi zure tokia ezerengatik aldatzea, baina fisikoki, asko sufritu nuen. Azkenean kostata, baina bigarren postuan amaitu nuen. Beste oroitzapen txar bat, 2016ko Zegama-Aizkorri maratoikoa da. Behean, 15 gradu egiten zituen, eta bagenekien aldaketa zetorrela, baina ez horrenbestekoa. Hipotermia txiki bat ere harrapatu nuen. Beherantz nindoala, noranzkoa galdu nuen, eta koordinatzen ez nuela jabetu zirenean, erretiratzera behartu ninduten. Ni ez nintzen kontziente, baina ez nintzen gai gel bat irekitzeko ere. Lezio bat jaso nuen, asko ikasi nuen lasterketa horretan, eta orduan jabetu nintzen mendiak ez duela sekula barkatzen.

Eta gehien gozatu?

2012ko Zegama-Aizkorri lasterketan. Egiten nuen lehen aldia zen, eta oso marka kaskarra lortu banuen ere, proba hori barrutik bizitzearen sentimendua ikaragarria izan zen. Iazko edizioa ere gogoan dut, lesio batetik atera berri nintzelako. Bururik ez nuen altxatzen, baina buelta eman nion egoerari, eta hilabete batez prestatu ahal izan nuen lasterketa. Denborari begiratu gabe egitea erabaki nuen, eta lasterketan guztiz sartuta ez nindoanez, inguruko giro paregabeaz jabetu nintzen. Burua makurtuta joaten garenean zer galtzen dugun ikusi ahal izan nuen.

Gasherbrum II, ur mailatik 8.035 metrotara. Zer dela eta hara? Nolakoa izan zen esperientzia?

Alpinismoan 23 urterekin edo hasi nintzen, 30 nituela lehen umea (Jare) jaio zen arte. Hasieratik joan nintzen neure burua frogatzen: lehenik Pirinioak, gero Alpeak, beranduago Peruko Andeak… eta azkenik, zortzimilako bat igotzeko har edo gogo hori izaten duzu. «Zer ote da hor goian egotea?», galdetzen nion neure buruari. Perun geundela, Alberto Zerain alpinista ezagutu, eta haren eskutik lortu genuen aukera, neuk eta beste hiru zizurkildarrek. Hara joan ginen, batetik, gainerako gailurrekin alderatuta, nahiko erraza zirudielako. Bestetik, Pakistanen montzoiak ez daudenez, udaran joateko aukera genuelako. Azkenik, lehen aldiz igo zeneko 50. urteurrena ospatzen zen, eta normalean baimenak oso garestiak izaten direnez, 2006an zeuden %50eko beherapenak ere aprobetxatu genituen. Esperientzia hori ez dut inoiz ahaztuko, baina ez dut uste berriz itzuliko nintzatekeenik, oso espedizio geldoak direlako, eta ni oso mugitua naiz. Eguraldiak ere ezegonkortasun sentsazioa transmititzen zidan, eta ez zidan bestelako betetasunik eman; ez nuen batere gozatu.

Ama izateak zenbateraino lagundu dizu kirolari bezala?

Korrika hasi nintzeneko lehen urteak zailak izan ziren, ez bainekien nondik atera denbora. Umeek oraindik ez zuten eskolara joan beharrik eta egun osoa egon behar izaten nuen beraiekin. Astean zehar etxean entrenatzen nuen zinta batekin, baina oso entrenamendu aspergarriak izaten ziren horiek. Asteburuetan, berriz, mendira joaten nintzen, forma hartzeko eta, une batez bazen ere, disfrutatzeko. Azkenean, libre izanda baino gehiago aprobetxatzen da eguna okupatuta izanda, eta niri, asko lagundu dit umeak izateak.

Umeak bultzada moduko bat izan dira zu mendiko lasterketetan hasteko?

Bai. Gainera, Inhar jaio eta segituan sartu nintzen euskal selekzioan. Niri lagundu dit, bestela agian ez nintzatekeen ezta korrikalaria izango. Umeak izango ez banitu, agian alpinismoa egiten jarraituko nuke, izan ere, alpinismoa egiteko asteburuak baliatu behar nituen, eta bi haurrekin ezinezkoa zen hori.

Baina ez zenuen mendia baztertu.

Hori da. Korrikalaria eta alpinista izan nintzenez, bi modalitateak uztartzea erabaki nuen, eta uste dut bilatzen nuen oreka aurkitu nuela.

Akademian lan egiteaz gain, kamerari bezala ere aritu izan zara 'Gailurra Xtreme' saioan. Nola suertatu zitzaizun aukera hori?

Aurrez bi saiotan laguntzaile bezala parte hartu nuen, lasterka. Gero, EITB-ko lankideei kamerari bezala joan nendin aholkatu ziena Unai Ugartemendia tolosarra izan zen; beraz, berari zor diot hau guztia. Aurreko urtean grabatu zuten Perdido mendiko erronkarako kamerariez gain, korrikalari profesionalak behar zituzten, mendia ondo ezagutzen zutenak. Aukera eskaini zidatenean, egutegia begiratu eta opor egunak nituenez, baiezkoa eman nien segituan.

Zein funtzio du kamerari batek?

Irudi onak hartzeaz gain, tentsio handiko momentuak harrapatu eta partaideak zirikatzea dira helburu nagusiak. Kamerariak, gainera, erreportari lanak ere egiten ditu, bidean zehar elkarrizketa ezberdinak eginez, gerora adierazpenak edizioan sartu ahal izateko.

Kamerariak pisu gehiago daramala jakina da. Zenbateraino baldintzatzen du lana zama horrek?

Eskuan generaman GoPro modeloko kamera batekin aritzen ginen, eta horrek ez zuen pisu handirik, nahiz eta eskuan tentsio handia pilatzen zitzaigun, postura ez zelako lasterka aritzekoaren berdina. Hala ere, kargarik handiena motxilan eramaten genuen, gu ginelako taldeko arduradunak. Hala nola, botikina, GPS-a, telefonoak, jana edota edaria generamatzan. Sherpak bezala gindoazen. [barreak]

Askotan esan izan da, horrelako saioetan egoerak faltsutu egiten direla. Horrela da, edo benetan sufritzen dute partaideek?

Ikusi den guztia benetakoa da, sufritu egiten dute. Oso zaila da partaide bat geldiaraztea edo tranparen bat sartzea benetan irabaztera doazenean. Hori gainera, ez zait oso etikoa iruditzen.

Kuriositatez, nolakoa da Ibon Gaztañazpi?

[Barreak] Ez zaio inoiz galtzea gustatzen, eta zerbait gaizki ateratzen bazaio, normalean ez da bere erruagatik izaten. Badu horrelako egonezin bat, eta ipurterre samarra da. Gero, ordea, guztiaz ohartzen da eta etapa amaitzean barkamen eske joaten da. Hain da lehiakorra, ez dituela kontrolatzen bere ateraldiak. Aurrez aurre hitz egiterakoan, berriz, oso adeitsua da, errespetu handikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!