Bailara eta baserrien izenak berreskuratu eta ofizialdu dira

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 7a, 08:00

Zizurkilgo Udalak, Hernandorena elkarteak egindako azterketa oinarri hartuta, berreskuratutako toponimoekin helbideak aldatu eta adierazleak jarri ditu

Zizurkilgo Udalak martxoaren 7an egindako osoko bilkuran Zizurkilgo Toponimia izeneko dokumentua onartu zuen, gaia aztertu, herritarrekin kontsultatu eta proposamenak Euskaltzaindiaren oniritzia jaso eta gero. Erabaki hau jakinarazteko iragarkiak argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, udalaren webgunean eta iragarki taulan.

Oinarri horrekin, aldaketak egingo dira etxeetako helbideetan, batez ere, landa eremukoetan. Lehen sakabanatua izenarekin ezagutzen zenak, izen propioa izango du aurrerantzean. Udala arduratuko da erroldako, katastroko, hauteskunde erroldako eta Gipuzkoako Urak-ek dituen datuak aldatzeaz. Bizilagunen esku geratuko dira energia iturrien enpresetan, aseguruetan, eskoletan eta abarretan emandako helbideen aldaketa.

Maite Amenabar, Zizurkilgo alkateordeak aipatu duenez, «aldaketa erabat gauzatzeak denbora eskatuko du». Horregatik, herritarrei eskatu diete hemendik aurrera beti helbide berria erabiltzeko, dokumentu ofizialak berritzeko garaian edo kontratazio berriak egiterakoan. Behin toponimia ofizialdu ondoren, gainera, adierazleak jarri dira herrian. Herrigunean bost panel ipini dira, bertatik ateratzen diren bost bideetako bakoitzaren hasieran. «Etxe eta baserrietara heltzeko moduak markatu dira eta modu errazagoan identifikatzeko baserrien argazkiak jarri dira bertan. Udalerriko eremu eta guneen toponimoak eta oinezkoen ibilbideak ikus daitezke paneletan», aipatu du Amenabarrek. Gainera, herriko landa eremuko etxe sakabanatu guztiak jasotzen dituen panel orokor bat jarri dute Pedro Mari Otaño plazan, aurreko astean bistarazi zutena. Baserri guztien argazkiak ikus daitezke eta horietara iristeko zein bide erabili behar den ere kontsultatu liteke.

Panelekin batera, landa eremuko etxeetara iristeko erraztasuna emango duten seinaleak jarri dira. «Banaka edo multzoka, batzuk etxeetako hormei lotuta eta gehienak bide bazterretan zutabeei lotuta». Denera 189 jarri dira 109 etxe seinaleztatzeko: 35 Mendibailaran daude, 31 Buztinbailaran, 26 Akezkobailaran, 12 Ergoienan eta 5 Elbarrenan.

AZTERKETA OINARRIAN

Ondarearen parte diren toponimoak berreskuratzeko proiektua, «luzea izan da, baina interesagarria», alkateordearen esanetan. «Gure arbasoak utzitako deiturak eta toki izenak betiko galtzeko zorian zeudela ikusita, Hernandorena kultur elkarteak azterketa historikoa egin zuen, Zizurkilgo bailara eta baserrien izenak berreskuratzeko».

Hernandorena kultur elkarteko kide Joxin Azkuek aipatu du, udalarekin izan duten lankidetza «oso polita» izan dela. Etxeen izenek Euskal Herrian eta Zizurkilen izan duten garrantzia nabarmendu du Azkuek, «are eta gerra zibilaren ondoren, udaletxeetan jarri ziren idazkari frankistek goitik emandako aginduari jarraituz, toki izen guzti horiek deuseztatzea erabaki zuten arte». Ordutik, diseminado izenarekin ezagutu dira herriko baserriak, eta Franco hil ondoren, euskaratuta, sakabanatua izenarekin.

«Ezin genuen horrela jarraitu», esan du Hernandorena kultur elkarteko kideak. Duela urte batzuk ekin zioten, beraz, herriko bailara eta baserri izenak berreskuratzeko azterketa historikoari bi ardatzetan oinarrituta: «Alde batetik, fideltasun historikoari heldu diogu, lehenago herria nola antolatuta zegoen ulertzen saiatu gara. Horretarako eskriturak begiratu, agiri zaharrak aztertu eta jendearekin hitz egin dugu. Ulertu dugu nola zegoen administratiboki banatuta Zizurkil. Eta bestetik, ikusita herria aldatu dela, behar berriei erantzun berriak eman dizkiegu, izendapenean egokitzapenak eginez».

Aldaketen berri emateko eskutitz bat banatuko zaie zizurkildarrei datozen egunetan eta bertan bakoitzari argi azalduko zaio hemendik aurrera zein izango den bere etxearen helbide berria. Finkatutako toponimoen erabilera normalizatua lortzeko, erabileran jarri du arreta Zizurkilgo Udalak. «Egin dezagun denok esfortzu txiki bat eta erabil ditzagun toki izen hauek gure herriaren historiaren zati garrantzitsu dira eta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!