Datorren asteartean, lanaren inguruko tertulia egingo dute euskaraz Plazida Otaño liburutegian, eta egilearekin batera bertan izango da Miren Odriozola liburuko protagonista.
Txalapartan argia ikusi arren, proiektua Emagin elkartearen barruan sortu zen eta jende askoren babesean.
Guk hori azpimarratzen dugu joaten garen toki ezberdinetan, lan kolektibo bat dela liburua gauzatzearena. Miren Odriozola aspaldi ezagutu bagenuen ere, proiektu hau aurrera ateratzeko erabakia 2013ko abendu inguruan hartu genuen. Emagin taldeari aurkeztu genion eta hasieratik babestu zuen. Laguntza izan dugu, liburua idazten joan garen bitartean hainbat jende irakurtzen, zuzentzen eta proposamenak egiten aritu delako eta liburua zabaltzeko arduraren parte bat ere izan du Emaginek. Proiektu hau gauzatzerako orduan behar izaten den babes emozional hori ere eman digute.
Miren Odriozola, zu bezala azpeitiarra da, aspaldiko ezaguna zenuten?
Bai. Feminismoa eta herrigintzaren inguruko lantalde ezberdinetan elkartzen ginen. Baina behin ere ez du eduki berak egindako gauzak kontatzeko joera. Tarteka esaten zuen nola ibiltzen ziren El Salvadorren hango gerrillako kanpamenduetan, baina ezer asko ez. Garai hartan, gainera, Udalbiltza auzia zela eta auzipetuta zegoen eta espetxera joateko arriskuan zegoen; orduan jakin genuen bere ahotik Frankismo garaian ere egona zela kartzelan. Konturatu ginen guk uste baino gutxiago ezagutzen genuela egunero gure ondoan egoten zen emakume hori.
Polita eta interesgarria izan da lagundu digulako ohartzen, gure aldamenean dauzkagula emakume oso interesagarriak, oso bizitza interesagarriak izan dituztenak, beraiengandik asko ikasi dezakegunak. Askotan ez gara horietaz konturatzen, beti kanpoan topatzen ditugu erreferenteak eta batzuetan gure ondoan daude. Guk liburu honekin, Mireni aitortu nahi genion berak egindako lan hori dena eta gure herritarrei ezagutzera eman nahi genien bere bizipena. Azkenean, emakume bizitzak ez direlako hain ezagunak izaten eta beraiek egindako ekarpenak ikusezintasunean geratzen dira, bereziki, gatazka egoeretan. Askotan emakumeei ezartzen zaien rola biktimarena da, eta guk liburuarekin nahi genuen azpimarratu emakumeek gerra egoeratan duten subjektu izaera hori eta beraiek egiten dituzten lan horien guztien garrantzia. Hango gerrilla sostengatzeko lan horietako asko emakumeek egiten zuten eta beharrezkoak ziren, gerra hori aurrera ateratzeko. Dena ez da konbatean aritzea.
Propio isildutako eta ezkutatutako istorioa izan da emakume hauena. Neurri batean ere isilean eraman izan dute. Kosta zitzaizuen Odriozola libururako konbentzitzen?
Dezente kosta zitzaigun, baina azkenean lortu genuen. Nik uste hor dagoela bere izaeraren parte hori: ez esatea berak egindako gauzak, ez goraipatu nahi izatea. Berak bere burua beste bat bezala ikusten du eta askotan esaten du, argitaratu dugun liburuaren gisako beste asko atera daitezkeela: fabriketan lanean aritu diren emakumeak, umeak hazi dituztenak... Meritu berdina dutela dio eta horrek erakusten du Mirenek zein baloretan oinarrituta egiten duen borroka.
Liburua kapituluka antolatu duzue, eta kapitulu bakoitza bi parte ezberdinetan.
Guk gehienbat, nahi genuen, ildo nagusia El Salvadorreko kontakizunak hartzea, guretzako ezezagunena hori zelako. Hari nagusia hango istorioak dauka, baina Miren elkarrizketatzen hasi ginenean konturatu ginen Artiach gaileta fabrikako bizipen haiek, Stuttgartekoak, mugimendu ezberdinetan bizi izandakoak edo espetxean edukitakoak, ez genituela ezagutzen eta baita ere bazirela gure herrian ezezagunak ziren pasarteak. Horri ere toki bat egin nahi genion liburuan. Argi geneukan, baita ere, ez genuela zerbait kronologikoa egin nahi. Kapitulu bakoitzean El Salvadorreko historiaren zati bat kontatzen da eta atzera Euskal Herrira salto bat egiten da eta borroka baten pasarte bat kontatzen da. Hemengo pasarte horiek ez dira kronologikoki kontatuak, saltoka baizik.
Odriozolaren testigantza jasotzeaz gain, nola dokumentatu zineten liburua osatzeko?
2014ko udan joan ginen El Salvadorrera eta Mirenek eman zizkigun hainbat kontaktu, berarekin gerran ibilitako lagunenak. Haiek elkarrizketatzeko suertea izan genuen. Eskuzabalik hartu gintuzten eta luxu bat izan zen pertsona horien bizipenak jaso ahal izatea. Hunkituta geratu ginen zein istorio kontatzen zizkiguten entzunda, bai gerrillaren inguruan, bai han ibili ziren internazionalisten inguruan. Nolako estimazioz hitz egiten duten Mirenez, edo Pakitoz. Haien ahotsak agertzea nahi genuen liburuan, azkenean Mireni buruz ezagutzen ez genuen zati bat han ezagutu genuen eta pertsona horien ahotsen bitartez ezagutu genuen. Eta haien ahotsa sartzeak liburuari indarra ematen ziola iruditu zitzaigun.
Zenbat denbora eman zuen Odriozolak El Salvadorren?
Tarte ezberdinak egin zituen. Lehendabizikoz 1980 inguruan Venezuelara joan zen eta handik pasa zen El Salvadorrera, 1983an. Gero, 1986an Euskal Herrira bueltatu zen epe baterako eta gerra zegoela itzuli egin zen bertara. Behin jada Euskal Herrian zegoela, 2009an, FMLNk hauteskundeak irabazi zituenean pozez zoratzen etorri zitzaigun eta 2010ean 60tik gora urterekin, El Salvadorrera joan zen hango gobernuarentzat lan egitera. Horrek erakusten du Mirenen bizia bi herrien artean egon dela beti eta han, nahiz hemen, eragile ezberdinentzat lan egin duela. Gaur egun, Azpeitiko emakumeen mahaian parte hartzen du, astero pentsiodunen kontzentrazioetara joaten da eta Gure Esku Dagon ere badabil. Ez da gelditzen, ez han eta ez hemen.
FMLN gerrillan egindako borrokaren esperientziaz eta bizi izandako une zailez hitz egiten da liburuan?
Bai, esperientzia gogorrak bizi izan zituen, eta bere bikotekidea, Pakito Arriaran, galdu zuen gerran. Pentsatzen dut han egon zeneko garaietan momentu gogorrena izango zuela hori. Baina egia da, El Salvadorreko lagun hauek elkarrizketatu genituenean, harrituta geratu ginela gerraren inguruan nola hitz egiten ziguten ikusita. Kontatzen zizkiguten oso istorio gogor eta gordinak, baina beste alde batetik, oso modu goxoan hitz egiten ziguten beraien artean zeuzkaten harremanen inguruan. Alde humano batetik interesgarria da ikustea nola konektatzen zuten elkarrekin, nola laguntzen zioten elkarri, nola dena elkarbanatzen zuten komunitatean, azken batean, nola babesten zuten elkar.
Gaztelaniara itzuli berri duzue liburua. Publikatu zenetik zein ibilbide egin du?
Argi geneukan liburua euskaraz publikatu nahi genuela, baina gaztelaniaz ere atera dugu, batik bat, El Salvadorren elkarrizketa horiek eman zizkiguten lagun horiei itzuli nahi genielako kontakizuna, beraiek esandakoan oinarritzen baita, neurri handi batean liburua. Orain asmoa dugu, udan, itzulpenarekin El Salvadorrera joateko. Hori ere polita izango da guretzat, nolabait, proiektua ixteko.
Egia esan, guk ez genuen espero hainbeste tokitatik deituko zigutenik. Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Araban eta Baionan ere izan ginen, liburu aurkezpenak egin ditugu eta literatura taldeekin egin ditugun solasaldiak ere aberasgarriak izan dira. Eta ikusten dudanez, Mirenek baditu istorio berriak kontatzeko, beti sortzen baitira espero ez genituen kontuak.
Berezia izango da astearteko hitzordua Zizurkilen?
Bai, horrela espero dut. Guk Zizurkilen erreferentzia bagenuen, bagenekin Segundo Montes komunitatearekin senidetuta dagoela. Guk 2014an El Salvadorrera egindako bidaian Morazanen izan ginen eta bisitatu genuen komunitatea, bertako alkatearekin bazkaldu genuen egun batean. Egia esan, gogotsu gaude hangoak ikusteko. Mikel Arrastoa, bera ere, Zizurkilgo ordezkaria, Mirenen laguna da, eta beraz, okasio polita izango da liburuaz eta El Salvadorrez hitz egiteko.
Miren Odriozolaren borrokak biltzen dituen liburuaz, egilea
1980ko hamarkadan, hainbat euskal herritar, internazionalismoaren banderapean, Hego Amerikako hainbat herrialdera joan ziren bertako iraultzetan parte hartzera. Batzuk El Salvadorrera jo zuten eta FMLNk gidatzen zuen matxinadarekin bat egin zuten.
Ezagun ditugu borrokaldi horren lehen lerroan hil ziren Pakito Arriaran, Begoña Garcia Arandigoien edota Marta Gonzalez, baina horiekin batera beste internazionalista asko egon ziren, euskaldun zein ez, eta horien izenak guztiz ezezagunak dira.
Miren Odriozola (Azpeitia, 1944) horietako bat izan zen; guduan parte hartu zuen, osasun laguntzaile gisa, hasiera batean, eta bestelako ardura ugarirekin gerora. Laura esaten zioten. Borroka anitzetan parte hartu zuten horren aurretik eta ondoren: ETAko kide, Francoren kartzelak ezagutu zituen; borroka feministaren parte izan zen; Auzitegi Nazionalak Udalbiltzan egindako lanagatik auzipetu zuen...
Laura esaten zioten liburuak bizitza eta mundu osoa borroka-zelai izan duen emakume baten biografia da, izan ere, Mirenek berak dioskunez: «Nire uste apalean, abertzale euskaldunok frogatu dugu, gure herria maitatzeaz gain, beste herriak ere maite ditugula, gutako batzuk euren biziak lur haietan uzteraino. Bere herria maite duenak maite ditzake besteak?».