Gertu izan arren, txapelik gabe geratu da Erasun

Ataria 2018ko maiatzaren 19a

Argazkia: Idoia Zabaleta / FOKU

Promoziozko buruz buruko finalean 17-22 galdu du Erasunek Bakaikoaren aurka. Partida gogorra jokatu dute biek ala biek.

"Sekulako penarekin" geratu da pilotari zizurkildarra. "Finalak ez dira beti jokatzen, eta buruz buru are gutxiago. Lan asko egin dut finalera iristeko, eta aukera izan dut, baino ez dut lortu. Eta pena handiarekin geratu naiz", esan du Erasunek.

Nahiko ondo hasi du partida Erasunek, pilota gozatuz. Baina Bakaikoak mina egin dio sakearekin. "Ez nekien non kolokatu errestoan, eta mina egin dit". Jokoan ere nagusitzen joan da Bakaikoa eta abantaila hartu du partidan, 9-18 jarriz. Hortik aurrera hobeto aritu da Erasun eta markagailuan gerturatu da. "Bukaeran pixka bat hobeto aritu naiz, baina abantaila handia zuen, eta berak ez du ezer erregalatzen, eta nik egin behar nituen tanto guztiak". Zizurkildarrak estutu badu ere, Bakaikoak sufritzen jakin du eta azkenean bera izan da txapelduna. Partida gogorra izan da, ia 400 pilotakadarekin, eta hori ere jokoan nabaritu da, askotan tantoa ondo bukatzen kosta egiten baitzitzaien bi pilotariei.

Datorren urtean berriro saiatuko dela txapelaren bila joaten esan du Erasunek: "Buruz buru jokatzea gustatzen zait, pilotan dagoen gauza handiena eta politena da. Saiatuko naiz datorren urtean ere txapelketa jokatzen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!