«Buruz burukoa da niretzat dagoen txapelketarik politena»

Asier Imaz 2018ko mai. 16a, 11:05

Jon Erasun pilotaria. IRATI SAIZAR

Bakaikoak eta Erasunek Promozio Txapelketako finala jokatuko dute larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 17:00etan hasiko den jaialdiaren barruan.

Ugalderi eta Urretabizkaia II.ari irabazi ondoren iritsi da Promozio Txapelketako finalera Jon Erasun (Zizurkil, 1996).

Txapelketan, orain arteko zure partidetan, ikusi al duzu dirua nola atera den?

Partiden aurretik kontua beti izaten da. Saltsa horretan gaudenez pilotariok, jakin nahi izaten dugu jendeak zer pentsatzen duen.

Ugalderen aurkakoan nola atera zen?

Ez nago ziur, baina uste dut bere alde atera zela.

Beñat Urretabizkaiaren aurkakoan?

Doblean bere alde.

Diruak faboritoa zein den erakusten baldin badu, partida hasieran behintzat, orain arte dena irauli duzu.  

Diruak beti joan behar izaten du alde batera. Diferentzia handi samarrarekin ibili da nire partidetan, baina azkenean frontoian erakutsi beharra dago, eta hor nik nire lana nahiko ondo egin dudala uste dut. Finalean ere aurka aterako delakoan nago, Bakaikoa txapelketa oso ona egiten ari delako eta berme bat delako pilotari bezala.

Zer egin duzu finalera begirako egun hauetan?

Lehen egunak errekuperatzeko hartu nituen, jokatutako bi partidak gogorrak izan zirelako; 300 pilotakadatik gorakoak izan ziren. Gero, ostiralean, Labriten entrenatu nuen pixka bat. Azken aste honetan ere joan naiz, baina lasaitasunez.

Labrit zer moduzko pilotalekua da zuretzat?

Niri gustatzen zait. Pilotaleku lasaia da, normala. Askotan jokatu dugu bertan, gainera. Ez dago inongo aitzakiarik.

Bakaikoak Dario eta Gorka utzi ditu kanpoan. Nolako aurkaria da zuretzat?

Oso maila onean dagoela erakutsi du. Bere lana oso ondo egiten duela erakutsi du partida horietan. Berari irabazteko asko jokatu behar da. Partida gogortzen saiatuko dela uste dut, lan asko egingo duela. Nik oso ondo jokatu beharko dut berari lanak emateko.

Zure jokoa zein izango den partidak erakutsiko du, ezta?

Hasieran beti pentsamendu batekin joaten zara, baina gero partidak erakusten dizu zer egin. Han zuk hartu behar izaten dituzu erabakiak. Ni lana egiten hasiko naiz eta gero ikusiko da aldatu behar dugun edo ez. 

Zure buruari zer eskatzen diozu?

Gutxienez nire lana egitea. Nire lana egiten baldin badut irabazteko aukera izango dudala uste dut.

Promozio Txapelketa behe behetik hasi zenuen, eta finalera iritsi zara. Hori egitea ez da erraza izaten.

Agirreren aurka ez nuen jokatu, lesioa zuelako. Hala ere ilusio handia egiten dizu behe-behetik hasi eta partidak irabazten ari zarela ikustean. Batez ere buruz buruko txapelketa niretzat dagoen txapelketarik politena delako, eta hor jokatzea badaukazula ikusten duzulako. 

Txapelketa politena?

Eta zailena. Frontoian bakarrik zaude, inoren laguntzarik gabe. Hor bakoitzak atera behar izaten ditu kontuak. Eta niretzat hori da txapelketarik politena.  

Atzelaria izanagatik, Amezketako Joxean Tolosa irabazia zara, 2013an. 

Jubeniletan izan zen, Elizalderen aurka. Atzelariontzat ez da erraza izaten buruz burukoa. Aurrelariek airez jokatzen dute, eta guri gehiago kostatzen zaigu. Normalean faboritoa aurrelaria izaten da, baina nire ustez, entrenatuz eta denborarekin prestatuz atzelariok ere lan ona egin dezakegu buruz burukoan.

Herrian ba al da finalerako girorik?

Finalera joatekoak dira. Ilusio pixka bat badago, eta ea nik lan on bat egiten dudan eta denok egun on bat pasatzeko aukera daukagun. 

Presiorik sentitzen al duzu?

Ez. Nire buruari jartzen diodana. Ez dut pentsatzen bai ala bai irabazi beharrekoa denik. Lasai hartzen ari naiz, eta nire lana egitera joango naiz, ea zer moduz ateratzen den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!