Euskalkiek busti dute Zizurkil

Ataria 2018ko maiatzaren 12a

Euskalkien Eguna ospatu dute Zizurkilen, Maiatza Saltsan egitarauaren barruan. Plazida Otaño liburutegian zazpi euskalki entzuteko aukera izan da, euskararen aberastasuna jasoz.

Juan Kruz Igerabide (Gipuzkoa), Ttittika Rekalt (Zuberoa), Julio Soto (Nafarroa), Ana Urkiza (Bizkaia), Daniel Landart (Lapurdi), Txema Abarrategi (Araba) eta Onintza Enbeitak (Bizkaia) hartu dute parte ekitaldian. Bakoitzak bere euskalkian hitz egin du, eta Landartek Behe Nafarreran ere irakurri du testua. Testu batzuk liburuetatik atera dituzte, eta besteak egun honetarako espresuki idatziak izan dira. Irakurketa jarraituan  hitz eta ahoskera ezberdinak entzuteko aukera izan da, beraz.

Euriak ere Euskalkien Egunean egon nahi zuen, eta horregatik egin da irakurketa saioa liburutegian. Plazan, hainbat postu izan dira, bakoitza herrialde batekoa, eta herriko hainbat elkartek eta taldek prestatu dute postua zein bertan zerbitzatu diren jakiak. Euskararen zein Euskal Herriaren aberastasunak hartu du gaurkoan Zizurkil.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!