Saihesbidea eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute

Ataria 2018ko maiatzaren 11

Zizurkilgo herritar talde batek abiatu du ekimena, saihesbidearen proiektua atzeratzen ari dela ikusita. Villabonan, Asteasun, Adunan, Alkizan eta Larraulen ere izango da sinadura emateko aukera.

Aiztondo bailaran ahalik eta sinadura gehien lortu nahi dituzte Gipuzkoako Foru Aldundira helarazteko.

Aldundiak 2010ean hartu zuen Zizurkilgo saihesbidea egiteko konpromisoa, baina oraindik ez da bete. Sinadura bilketa abiatu duten herritarrek esan dutenez, "hasieran atzerapenaren arrazoi gisa krisia aipatu bazuten ere, aitzakia hori desagertu dela eta dirua badutela aldarrikatzen dute Aldundiko agintariak eurek. Iruditzen zaigu ezin dugula zain jarraitu".

Azken hamarkadetan Elbarrena auzoak egunero-egunero sekulako trafikoa jasaten du herriaren erdi-erditik –horietako asko kamioiak– eta egoera honek herritarren bizi kalitatea "nabarmen kaltetzen" duela uste dute bilketa abiatu duten herritarrek.

Nahi duenak sinatzeko aukera izango du Zizurkilen Egarri tabernan, Iriarte ostatuan eta Saski kafetegian; Villabonan RK tabernan; Asteasun Iturriondo jatetxean; Adunan Uztartza aterpetxean; Alkizan Ostatu tabernan; eta Larraulen herri ostatuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!