Bukalaik dantzari txikiz bete du Zizurkilgo pilotalekua

Tolosaldeko Ataria 2018ko maiatzaren 5a

Hirugarren urtez, dantzari txiki eguna ospatzen ari dira Zizurkilen; 125 ikasle batu dira hitzordura.

Eguraldi iragarpenei begira pasatu dute astea eta, ziurgabetasunari aurre eginez, dantzari txikia Zizurkil Goiko frontoian egitea erabaki du Bukalai dantza taldeak. Horrela, eskualdeko 125 haur eta gaztetxo elkartu dira, ikasturte osoan barrena ikasitakoa, jendaurrean erakusteko.

Lehen erritmo eta pausoen zantzuak atzematen ari direnak, batzuk, eta mugimendu errenkadak ikasteko gai direnak, beste batzuk. Eta, harmailetan, noski, senide eta lagunak, haiei begira. Antolatzaileek azaldu dute "urduritasunez jositako" eguna izan ohi dela, baina, aldi berean, "ilusio handiz" prestatutakoa.

Eta ziur ilusio berbera izan dutela, dantzari txiki zizurkildarrekin batera, hitzordura batu diren Villabonako, Altzoko eta Ibarrako haurrek ere.

Dantzari eskainitako eguna, gainera, hasi baino ez da egin Zizurkilen, iluntzean Alurr dantza taldeko gazteek Maruxak emanaldia eskainiko baitute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!