«Hasieran tantoa gogortzen eta botera jokatzen saiatuko naiz, gero ikusiko da»

Asier Imaz 2018ko mai. 3a, 14:54

Hiru eguneko atsedenaldiarekin iritsiko da Jon Erasun (Zizurkil, 1996) igandeko partidara.

Asteartean jokatu zenuen, eta orain berriz igandean.
Asteartean eta gainera partida gogorra izan zen. Dezenteko pasada hartu genuen. Igandera, ordea, ondo iritsiko naizela uste dut, eta ea horrela den.

Partida amaituta, beroaldian, ondo zauden jakitea zaila dela esan zenuen asteartean, nola zaude gaua pasa ondoren?
Dena ondo. Gorputza pixka bat gogortuta baina inongo beste arazorik gabe. Nik uste ez dudala izango arazorik igandean maila on bat emateko.

Ugalderen aurkakoan asko sufritu zenuten biok. Partida bikaina izan zen.
Elkarri opari dezente egin genizkion, baina irabaztea zen garrantzitsuena eta hori lortu nuen. Irabazita beti zaude gustura.

Ugalderen aurkakoa zaila baldin bazen, pentsa hurrengoa: Beñat Urretabizkaia.
Sasoi oso onean dagoela erakutsi du txapelketan. Aurreneko bi partidak airean irabazi ditu. Betidanik izan da mano manista ona. Kolpe handia dauka eta min asko egiten du. Partida oso zaila daukadala uste dut, baina ea lan pixka bat ematen diodan.

Lana eta lana, hori da zure ezaugarri nagusia.
Buruz buru sakea hartzen baldin baduzu tanto mordoxka egiteko aukera izaten da. Atzetik izanagatik segitu egin behar da, ez dakizulako sakea hartzen duzunean zer gertatuko den. Asteartean horrela egin nuen, eta azkenean irabaztea lortu nuen.

Zein joko egingo duzu?
Partida berak erakutsiko du hori. Hasieran tantoa gogortzen saiatuko naiz, botera jokatzen. Ondo ez badoa zerbait aldatu egin beharko da.

Eskualdeko bat behintzat finalean izango da.
Biok lagunak gara, beti batera entrenatzen dugu. Horrez gain eskualde berdinekoak gara. Bietako bat finalean izango da, eta hori albiste ona da.

Eta zu izateko esperantzan egongo zara, ezta?
Esperantza izango ez banu ez nintzen frontoira joango. Txiki bat badaukat, beraz. Nire lana ondo eginez gero aukera bat izango dudala pentsatzen dut. Baina horretarako nire lana oso ondo egin beharko dut.

Ba al du eraginik zuretzat Ikaztegietan jokatzeak?
Hor jartzea erabaki dute eta jarritako lekuan jokatu behar izaten dugu. Denentzat frontoi berdina izango da, eta izan behar duena izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!