Maiatzaren 2ra atzeratu dute Antzerki Asteko gaurko emanaldia

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 25a, 09:52

Helduentzako 'Etsita!' kale antzerkia eskaini behar zuen, gaur, Trapu Zaharrak taldeak, baina eguraldi txarragatik maiatzaren 2ra atzeratu dute. Bihar, herriko hiru eskoletako umeek elkarrekin emanaldia eskainiko dute.

Aurreko larunbatean abiatu zen XVI. Antzerki Astea Zizurkilen. Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik Bakean dagonari bakean utzi lana eskaini zuten Iriarte kultur etxean.

Gaur, 20:00etan eta Joxe Arregi plazan helduentzako bigarren antzerki lana eskaini behar zuten, baina eguraldiagatik maiatzaren 2ra atzeratu dute. Egun horretan, Etsita! kale antzerkia eskainiko dute Trapu Zaharrak taldeko kideek. Egun horretan ere eguraldi txarra egingo balu, beste astebetez atzeratuko dute ikukizuna.

UMEAK PROTAGONISTA

Egunotan umeentzako programazioa ere prestatu dute antzerki astearen barruan. Astelehenean, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik seigarren mailara bitartekoentzat Txalo Produkzioak taldeak Mendi tontorrean lana eskaini zuen Atxulondo kultur etxean eta atzo Yopipuinak lanaz gozatzeko aukera izan zuten haur hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailakoek.

Zizurkilgo gazteak ez dira, ordea, ikusle soil izango. Pedro Mari Otaño herri ikastetxea, Zubimusu ikastola eta San Millan eskola txikiko umeek emanaldia eskainiko dute, bihar, Atxulondo kultur etxean 11:00etan hasita.

Bide batez, gaur eta ostiralean, Zubimusu ikastolan eta San Millan eskolan, hurrenez hurren, Munduari Bira (ia) 80 trukutan emanaldia eskainiko du Imanol Ituiño magoak.

XVI. ANTZERKI ASTEA

Apirilak 25, gaur

15:00. Zubimusu ikastolan Munduari bira (ia) 80 trukutan emanaldia eskainiko da.

Apirilak 26, osteguna

11:00. Pedro Mari Otaño, Zubimusu ikastolan eta San Millan eskolako umeen emanaldia izango da Atxulondo kultur etxean.

Apirilak 27, ostirala

15:00. Munduari bira (ia) 80 trukutan emanaldia eskainiko da Zizurkil Goiko San Millan eskolan.

Maiatzak 2, asteazkena

20:00. Etsita! emanaldia eskainiko du Trapu Zaharra izeneko taldeak Joxe Arregi plazan. Inoiz lanik izan ez duen 31 urteko Koldo seme bakarraren gurasoak dira antzerki lanaren protagonista. Euren egoera salatzeko kale gorrira ateratzea erabaki dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!