'Abezedario titirijario' liburuko ilustrazioak ikusgai

Jon Miranda Labaien 2018ko apirilaren 24a

Argitaratu berri duen Abezedario titirijario liburua aitzakia hartuta letren inguruko tailerra eman zuen ostiralean Juan Kruz Igerabide adunarrak Plazida Otaño liburutegian eta liburuan jasotako Elena Laura Serranoren ilustrazioak ikusgai izango dira hilaren bukaera bitarte.

Aiztondoko liburutegiaren bigarren urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan egon zen Juan Kruz Igerabide Zizurkilen.  Bertara hurbildu ziren haurrek liburua ilustratu duen Elena Lauraren erakusketa ikusi, Igerabideren azalpenak entzun, eta abezedarioko letrekin jolasteko aukera izan zuten.

Elena Laura Serrano Granadan jaiotakoa da eta bertan, Vegas del Genil herrian bizi da, nahiz eta gazte garaia Irunen eman zuen. Hantxe hasi zen marrazten Mensu pintorearekin. Pinturak eta grabatuak egiten ditu, baita serigrafiak ere, linoleoak eta tipografia artistikoa. Feria eta biltzar ugariren kartelak egin ditu eta leku askotan jarri ditu erakusketak: Alemanian, Frantzian, Danimarkan, New Yorken, Miamin eta Tokion, besteak beste.

Granadako Alhambran Alhambramientos erakusketa egina du eta Granadako poetekin hainbat liburu osatu ditu, berak ilustratuta. Abezedario hau da Juan Kruz Igerabiderekin egin duen lehen lana.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!