Estalpea jarrita Joxe Arregiko urbanizazio lanak amaituko dira

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 11a, 13:38
Joxe Arregi plazan estalpea egiteko lanek bi hilabete iraungo dute eta irailerako prest egotea aurreikusi dute. JON MIRANDA

Zizurkilgo Udalak inbertsio errealetarako 486.380 euro izango ditu aurten eta estalpearen gastuaz gain, futbol zelaian harmailak egin eta herri bideak konpondu asmo dituzte.

Gernikako arbolaren kimua Pedro Mari Otaño plazan aldatuta bukatutzat eman zituzten, duela gutxi, Zizurkil Goiko herrigunea egokitzeko lanak. Aurten, Joxe Arregi plazan estalpea jarri eta ingurune horretan egin dituzten lanak amaitu nahi ditu udalak. 2018ko aurrekontutik 235.200 euro bideratuko dituzte estalpea jartzeko eta 300 metro koadro inguru hartuko ditu. Bizpahiru hilabeteko epean bukatuko dira obrak eta Elbarrenako festetarako jarrita egotea nahiko luke Joxe Mari Luengo alkateak: «Berez uholde arriskua duen tokian dago plaza eta horregatik Ura agentziari eskatu behar zaio baimena. Lehen oniritzia jaso dugu eta behin betikoaren zain gaude lanak hasteko».

Herritarren parte hartzearekin diseinatu zuten bere garaian Joxe Arregi plaza izango zena bertan etxebizitza proiektua gauzatu zenean. Ordutik, eraikin horren azpialdean udal bulegoak, Aiztondoko Plazida Otaño liburutegia eta Elizpe erretiratuen elkartea kokatu dituzte. Atxulondo kultur etxea ere berritu dute eta Udaltzaingoaren bulegoak eta Gaztezulo gaztelekua jarri dituzte bertan. «Lehen ez zuen bizia antzematen zaio orain plazari», esan du Luengok. Are gehiago nabarmenduko da hori, kultur etxearen azpialdean dagoen Atxulondo taberna-jatetxea zabaltzen dutenean. Ekainaren 1erako aurreikusi dute irekitzea, udalak lehiaketa egin eta esleipena Alex eta Xabier Tello anaiek eskuratu ondoren.

Danena futbol zelaian egingo dituzten lanekin erabat osatuta geratuko dira plaza inguruko egokitzapenak. «Bidegorriaren aldera harmailak jarriko ditugu eta 300 bat lagunentzako tokia egokituko dugu, 55 metrotan. Abantaila handia izango da, ez bakarrik futbola ikustera gerturatzen direnentzat, etorkizunean beste ekitaldiren bat antolatzen bada, babespean egongo dira ikusleak». 79.000 euroko inbertsioa izango da futbol zelaiko harmailetan egingo dutena.

AHALMEN HANDIAGOA

Martxoaren 19an egindako ohiko osoko bilkuran onartu zen 2018ko aurrekontua, EH Bilduren zinegotzien aldeko botokoekin eta EAJ eta PSE-EE udal taldeen abstentzioarekin. 3.315.850 euroko aurrekontua izango da, iaz baino %6 handiagoa. Zizurkilgo alkateak urtez urte zorra murrizteko egin duten ahalegina nabarmendu nahi izan du: «2011n gobernuaren ardura hartu genuenean hiru milioitik gorako zorra zuen udalak eta 2018 bukaeran kopuru hori 800.000 eurora murriztea aurreikusten dugu. Horretarako zuhurtziaz jokatu dugu, aurrekontua puztu gabe gastuari eutsiz eta inbertsioak egiteko diru laguntzak eskatuz. Mailegurik eskatu gabe, gauzak egin daitezkeela erakutsi dugu». Besteak beste, modu horretara gauzatu dituzte Plazida Otaño liburutegiko lanak edota futbol zelaia egokitzekoak.

Aurrekontuaren gastuaren parte bat zorra kitatzeari bideratzen diote Zizurkilen eta beste zati handi bat ohiko funtzionamenduan eta pertsonalean gastatzen dute. «Aurten udaletxeko langileei %1,5 igoko zaie soldata».

Kontuak «saneatuta» edukitzeak inbertsio ahalmen handiagoa ekarriko dio Zizurkilgo Udalari 2018an; iaztik %3 egingo du gora atal honek. 486.380 euroko diru sailetik, aurretik aipatutako Joxe Arregiko estalpera eta futbol zelaiko harmailetara bideratuko dute diru gehien, baina urtero bezala, herri bideak konpontzeko konpromisoari eutsiko diote: «Iaz egin asmo genuen Olatzako bidean egingo ditugu lanak alde batetik, eta bestetik Ihartza baserritik gorako bidea konponduko dugu egoera txarrean baitago». Ezkaltzu mendian itxitura eta garbiketa lanak egiteko, berriz, 26.500 euro gorde dituzte aurrekontuan.

Azken urteetan, herriko argiteria jasangarritasun irizpideen arabera egokitzen ari dira eta led argiak jartzen segituko dute auzoz auzo. Aurten Beldarrain eta Muñoako argiteria publikoa aldatuko dute. Dagoeneko sistema berrira egokituta daude udal eraikin guztiak, eta hain zuzen, udaletxeko eraikineko fatxada egokitzera bideratuko dute beste diru puska bat aurtengo aurrekontuan. Udaletxeko langileek dituzten beharretarako ibilgailu bat ere erosiko du udalak eta horretarako 18.000 euro pasatxo aurreikusi dituzte.

Aurten egingo dituzten proiektuak dira aipatutakoak. Aurrera begira ere jarri da, ordea, alkatea: «Hurrengo urteetan heldu behar diogu Bulandegi auzoaren egokitzeari. Irisgarritasun irizpideak betetzeko lanak egin behar dira bertan. Auzoa zeharkatzen duen Aldundiaren errepidea dago hor eta kontrara saihesbidea egiteko proiektua geratuta daukate. Udal talde guztiek bat egin beharko dugu, epe ertainean, errepide hori egiteko konpromisoa har dezaten».

 

2018KO INBERTSIO NAGUSIAK

INBERTSIOA KOPURUA

Plazako estalpea 235.200

Futbol zelaiko harmailak 79.000

Herri bideen konponketa 55.000

Ezkaltzu mendiko lanak 26.500

Beldarrain eta Muñoako argiteria 16.600

Bestelako inbertsioak 74.080

 

3,3

MILIOI EUROKO AURREKONTUA

Sarrerak. Zerga zuzenak: 592.750 (%17,88); Zeharkako zergak: 50.000 (%1,51); Tasa eta bestelako sarrerak: 357.510 (%10,78); Transferentzia arruntak: 2.028.800 (%61,18); Patrimonio sarrerak: 17.100 (%0,52); Inbertsio errealean besteratzea: 245.000 (%7,39); Kapital transferentziak: 21.990 (%0,66); Pasibo finantzieroak: 2.700 (%0,08).

Gastuak. Pertsonal gastuak: 1.219.175 (%38,44); Ondasun eta zerbitzuak: 865.525 (%27,29); Gastu finantzieroak: 4.580 (%0,14); Transferentzia arruntak: 373.470 (%11,77); Inbertsio errealak: 486.380 (%15,33); Pasibo finantzieroak: 22.630 (%7,02).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!