Ibilbide «ikusgarriagoa» izango du larunbateko Zizurkilgo Txakurkrosak

Asier Imaz 2018ko api. 11a, 09:12

Larunbatean, 18:00etan hasiko da berrikuntzekin datorren lasterketa; izena emateko aukera zabalik egongo da egunean bertan, irteera puntuan.

Kostata baina aurrera atera dute Zizurkilgo III. Txakurkrosa. Urtero bezala, Eneko Agirre aritu da antolatzaile lanetan, Hike Mushing Taldeko kideekin eta Zizurkilgo Udalarekin batera. Lasterketa larunbatean izango da, 18:00etan, eta hainbat berrikuntza izango ditu hirugarren edizioak. «Ibilbidea pixka bat aldatuko dugu aurten, ikusgarriagoa eta politagoa egiteko asmoz. Horren ondorioz kategoria bakarra egongo da», azaldu du Agirrek.

Hasiera batean astebete lehenago egiteko asmoa zuten txakurkrosa, baina denera ezin iritsiak astebete atzeratzea ekarri du. «Alpeetan 15 egun pasa ditut bertako lasterketa batean. Hori prestatzen eta bidaia egiten guztira hilabete t'erdi pasa ditut, herriko lasterketarako denbora atera ezinik. Gero bai, handik etorri eta buru-belarri hasi gara lanean. Haize pixka bat hartze aldera, astebete atzeratzea erabaki genuen, eta horrek beste lasaitasun eta berme bat eman zigun. Larunbaterako dena prest da, eta ikuskizun polita izango delakoan gaude», onartu du zizurkildarrak.

Aurten irteera eta helmuga Zizurkil Goiko plazan izango dira. Hasieran hilerri aldera joango dira, eta bertatik itzulia egin ondoren, berriro plazara jaitsi eta Perot inguruetara joango dira, iazko ibilbidearen lehen zatia egitera. Ondoren, berriro plazara igoko dira, helmugara. Guztira sei kilometroko ibilbidea osatu dute, eta lehen zatia asfaltoaren gainean izango da; bigarrena, zelai eta erreka ondoko baso bidetik. «Lehen zatia azkarra izango da. Abiadura horretan eta asfaltoan txakurrentzat ez da ona izaten. Horregatik, txakurkrosa bakarrik egitea erabaki dugu, beste modalitateetan azkarrago joan behar delako eta kaltea handiagoa izango dutelako. Horretatik galtzen duguna ikusgarritasunean irabazten dugu, herritarrentzat ibilbide berrian lasterketa jarraitzea errazagoa izango delako», adierazi du antolatzaileak.

Euskal Herriko Txakurkros Ligako azken lasterketa izango da Zizurkilgoa, zazpigarrena. Ligako korrikalari onenak bertan izango dira, beraz. Hala eta guztiz ere, herrikoi izaera duen lasterketa denez, edonork parte hartzeko aukera izango du. Horretarako www.herrikrosa.eus webgunean eman behar da izena. Egunean bertan, irteera puntuan, apuntatzeko aukera zabalik egongo da: «Txakurra bere arnesarekin, korrikalaria gerriko egokiarekin, eta biak lotzen dituen soka elastikoa besterik ez dira behar».

Irteera aurrena ligako parte hartzaileek hartuko dute, eta multzoka beste guztiak aterako dira. 50-60 parte hartzaile izatea espero du Eneko Agirrek, eta maila oso txukuna izango delakoan dago zizurkildarra. «Euskal Herriko Ligan oso maila txukuna dago, eta hori agerian geratzen da kanpora korri egitera joaten direnean. Zizurkilen egongo diren lehen 10-15ekin broma gutxi, beraz». Sari banaketa ekitaldia bikoitza izango da, beraz. Alde batetik herriko lasterketako sarituak igoko dira oholtzara, eta bestetik ligako lehenak.

Lasterketa antolatzerako unean, Zizurkilgo Udalaren laguntza izan dute Hike Mushing taldeko kideek. Eneko Agirreren esanetan, udalaren eta baserritarren laguntza «ezinbestekoa» da. «Hauen babesik gabe ez genuke egingo lasterketa. Udalak gauzak asko errazten ditu, eta baserritarrek euren zelaiak inongo arazorik gabe uzten dizkigute. Kontuan izan belar garaia gainean dela, eta hala eta guztiz ere arazorik ez digutela jartzen. Benetan eskertzekoa da hauen ekarpena».

HAINBAT DATU

Eguna: Apirilak 14, larunbata.
Ordua: 18:00etan.
Irteera eta helmuga: Zizurkil Goiko plazan.
Ibilbidea: 6 kilometro, herrian barrena.
Izen ematea: Aurrez, www.herrikrosa.eus eta egunean bertan, irteera puntuan.
Txakurkrosa: Euskal Herriko Txakurkros Ligako azken jardunaldia.
Antolatzaileak: Hike Mushing Taldea eta Zizurkilgo Udala.

ENEKO AGIRRE LAUGARREN LEKKAROD-EN

Frantziako Alpeetan, Lekkarod Nazio Arteko Trineo Lasterketan izan da Eneko Agirre zizurkildarra. Bederatzi egunetan bederatzi etapa dituen proba da. Zortzi txakurrekin eman behar da izena, eta egunero seik egiten dute lasterketa. Iaz bezala, aurten ere laugarren amaitu du Agirrek, baina hirugarren postua eskura izan du, 53 segundora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!