«Diru publikoa esku pribatuetara pasatzea ekidin genuen»

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 4a, 12:01
Ainhoa Intxaurrandieta. DANI BLANCO

Aiztondoko Errausketaren Aurkako plataformak, Gipuzkoa Zutikekin batera 'Angula ustelak, zer gertatzen da Euskal Erregimenari aurre egiten badiozu?' hitzaldia antolatu du, bihar 19:00etan, Plazida Otaño liburutegian. Igor Meltxorrekin batera ariko da Ainhoa Intxaurrandieta, GHKko arduradun ohia.

Madrilgo Kontu Auzitegiak apirilaren 12an epaituko du Ainhoa Intxaurrandieta (Lezo, 1973), aurreko legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria zena, garai hartako Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinekin batera Zubietako errauste planta geldiarazteko erabakia hartu zuten, eta egungo GHKko buruek salaketa jarri dute haien kontra. Obra eteteak eragindako «kalte ekonomikoak» ordaintzea eskatzen diete.

Zein aldarterekin zoazte datorren asteko epaiketara?

Data gerturatu ahala urduritzen hasi gara. Gure kontra egiten duten eskaera ez da makala eta horrek kezka eragiten digu. Baina indartsu gaude, hala ere, aurrera egiteko prest eta zalantzarik gabe harro gaude egindakoarekin. Burua tente dugula joango gara Madrilera.

Zer da leporatzen dizuetena Errazkini eta bioi?

Erraustegiaren kontratua eteteagatik ustez sortutako kalteengatik arduradun egin nahi gaituzte. Beraiek sortutakoa izanagatik orain guri egotzi nahi digute kaltea.

Zergatik jo dute zehazki zuen bion kontra?

Arrazoi batengatik baino gehiagorengatik. Guk ardurak genituen garaian Gipuzkoako administrazio publikoa enpresen interesen gainetik jarri genuen, behingoz. Ordura arte enpresariak ziren euren baldintzak mahai gainean jartzen zituztenak eta instituzioak izaten ziren beraien baldintzak onartu behar izaten zituztenak. Gurekin alderantziz gertatu zen eta enpresak erakunde publikoen esanetara jarri genituen. Hori guztia irudikatzen zuen argazkiak min handia eman zien eta argazki horretan Iñaki eta biok ateratzen ginen. Bestetik, erraustegiaren kontratua eteteko erabakia ez genuen gu biok bakarrik hartu, horretarako eskumenik ez genuelako. Zegokion organoak hartu zuen erabakia eta kontuan hartu behar da, kontsortzioko batzarrean 20tik gora herrietako zinegotziek zutela botoa emateko eskubidea. Zinegotzi horiei guztiei salaketa jartzeak haserrea eragingo luke Gipuzkoan eta hori ahal dutela ekidin nahi izan dute. Kolpea eman dute, neurtutako kolpea, gu bion kontra joz.

Zenbateko kalte ordainak eskatzen dituzte?

Salaketa jarri zutenean, 41 milioi euro ziren, baina joan den hilean aurrebista izan genuen Madrilen eta ordurako 46 milioi eurotan geunden. Hilabetero-hilabetero 'swap'-en kontzeptuarekin ordaintzen dena guri leporatzen digute. 2031 urtera arte ordaindu behar dira, beraz, ordurako 100 milioi euroko isuna izatera iritsi daiteke. Gure ondasun pertsonaletatik ordaintzea eskatzen dute.

Uste duzu epaiketa honekin gizartea leziatu nahi dutela?

Azkenean mendeku pertsonala dago, gu erabaki horren irudi izan ginelako eta negoziaketetan instituzioa enpresen gainetik jarri genuelako. Bestetik, epaiketa honekin jendea ohartarazi nahi dute 'estrategikotzat' hartzen dituzten proiektuak ukitu ez ditzaten. Gobernuan edonor dagoela ere proiektu horiek babestu nahi dituzte. Ez bakarrik erraustegia, AHTa, Belartza poligonoa... Ziurtatu nahi dute etekin ekonomikoa enpresari eta banketxetara iritsiko dela. Epaiketa honekin jendea izutu eta beldurtu nahi dute.

Interes pribatu horien defentsan nola jardun zuten azaltzeko frogak dituzue.

Guk biharko hitzaldian errelato erreala eskainiko dugu, ofiziala medio ezberdinetatik behin eta berriro helarazi baitigute. Errelato hori osatzea kosta egin zaigu dokumentazio ugari falta zelako. Baina frogatu ahal izan dugu nola sinatu zituzten erraustegia eraikitzeko kontratuak eta zein baldintzatan. Jakitun izanik ere, egokiak ez ziren produktuak erosi zizkieten banketxeei, gipuzkoar guztiak horren erantzule eginez. Kontratu horiek sinatu zituzten arduradunak dira orain argudiatzen dituzten galera horien erantzule. Guk egin genuen gauza bakarra, defizitarioa izango zen azpiegitura bat gelditzea izan zen, eta hortaz, galera ikaragarri horiek saihestea. Azken batean, diru publikoa enpresari eta banketxeen esku pribatuetara pasatzea ekidin genuen eta hori orain ordainarazi egin nahi digute.

'Angula ustelak' izenburua jarri diozue hitzaldi zikloari. Zergatik?

'Swap'-ak sinatu zituztenean hori ospatzeko angulak jatera joan ziren EAJ eta banketxetako ordezkariak, gipuzkoarron kontura. Nahiz eta ehunka milioi eurotakoa izan eraiki nahi zuten erraustegiak suposatzen zuen iruzurra, azkenean anguletan gastatu zituzten 6.000 euroak geratu dira jendearen gogoan. Gure hitzaldietara gerturatzen den jendea harrituta geratzen da; jakin badakite hor ustelkeria dagoela baina ez dute tamaina honetakoa izan daitekeenik pentsatzen. Horregatik da ezinbestekoa gipuzkoarrok jakitea zer gertatu den errelato ofizialetik harago. Gipuzkoa Zutikeko kideei eskerrak eman nahi dizkiet ziklo hau antolatu dutelako eta herriz herri egia hau zabaltzen laguntzen ari zaizkigulako.

Kosta egiten al zaizue zuen errelatoa zabaltzea?

Erregimena deitzen diogu baina elite ekonomikoa edo stablishmen-a dei diezaiokegu. Azken batean boterea da. Eta botereak beso asko ditu: ekonomikoa dago alde batetik, eta haiei mesedetxoak apropos egiten dizkieten politikariak, eta nola ez, beraien jardun hori saltzeko komunikabideak. Erregimen horren morroi dira eta irudi txukuna emanez, negozio zikin eta ilunak saldu behar izaten dituzte.

Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu ondoren, noizko espero duzue epaia?

Ez dakigu. Auzitegi horretan ez da oso ohikoa epaiketak egitea eta ez dakigu zehatz noiz emango duten. Argi dagoena da oso tribunal politikoa dela, aldian aldiko Kongresuak erabakitzen du zeintzuk izango diren auzitegi horretako epaileak. Guri egokitu zaiguna Margarita Mariscal de Gante da, Aznarren garaian ministro izandakoa. Horrek adierazten du zein intentzionalitate dagoen. Emakume horrek esango du Gipuzkoan ongi edo gaizki egin genuen erraustegia eraikitzeko kontratua etetean? Nik ez diot horretarako zilegitasun morala aitortzen.

Zuek salatu izan duzue zuen aurkakoa epaiketa politikoa dela.

Salaketa EAJ eta PSEk sartu digute eta PPkoa izandako batek epaituko gaitu. Ez da gehiago azaldu behar. Juridikoki pauso guztiak behar bezala eman genituen, eta iaz bertan, Madrilgo Kontu Auzitegiak onartu zuen ondo kalkulatu genituela enpresa eraikitzaileei eman beharreko kalte-ordainak. Ordutik presio politikoak egon dira hemendik eta epaiketarekin aurrera egitea erabaki dute. Badakigu auzi politikoa dela eta erregimenaren parte diren alderdiek beraien negozioak blindatu nahi dituztela epaiketarekin.

Egongo al da ekitaldirik epaiketa salatzeko?

Larunbatean Azpeitiko herri mugimenduek manifestazioa deitu dute guri babesa emateko eta apirilaren 15ean EH Bilduk beste ekitaldi bat egingo du, baita ere Azpeitian. Epaiketaren egunean bertan, apirilaren 12an, Gipuzkoa Zutikek kazeroladak deitu ditu herriko plazetan, iluntzean.

Erraustegia eraikitzeko proiektua geldiarazi zenuten ardurak zenituztenean. Orain martxan dagoena gelditzeko aukera badago?

Bai. Herri borondatearekin dena da posible. Herritarrek horrela erabakitzen badute, dudarik gabe, geldituko da proiektu hau ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!