Bost familiek igaro dute gaua euren etxeetatik kanpora

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 23a, 10:27

Kea arnasteagatik erietxean zeuden azken bi bizilagunek senda agiria jaso dute.

Goizaldeko bostak aurrean Ugare auzoko 17. Zenbakian izan den sutea dela eta lau lagun eraman zituzten ospitalera baina denak ongi daude dagoeneko. Lehen solairuan bizi ziren hiru pertsonetatik bi, amona eta biloba Donostiako ospitalera eraman zituzten kea arnastuta, baina atzo arratsalderako jaso zuten senda agiria.

Bost familiek igaroko dute gaua euren etxetik kanpora, baina horietatik hiruk datozen egunetan itzuli ahal izango dute, argi koadroa konpondu bezain pronto. Herriko langileek momentuko argia jarri dute eraikinaren sarreran.

Itzultzeko denbora gehiago beharko dute beste bi familiak. Atzoko sutean kaltetuenak lehen eta bigarren solairuko eskuinaldeko etxebizitzak izan ziren. Lehen etxebizitza horretan bizi ziren bi txakurrak ere hil egin ziren. Etxebizitza oso kaltetuta dago, aseguruetako perituak hasi dira lanean eta udaleko teknikariek ere aztertu dute eraikina. Atzo udal ordezkariek jakinarazi zutenez, 40 urte inguru ditu eraikinak eta ez dirudi egitura kaltetuta duenik, "hormigoizkoa delako".

Familia gehienek senideen etxeetan igaro dute gaua. Zizurkilgo Udalak familion eskura jarri ditu bere baliabideak eta horietako baten kasuan gizarte zerbitzuek bideratu dute aterpea, epe luzerako izango denez Foru Aldundiko gizarte zerbitzuekin elkarlanean.

Zizurkilgo Udalak bizilagunen jarrera eskertu nahi izan du egun zail hauetan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!